Iaz baino 9.000 euro gehiago bildu dituzte Etxalarko ehizi postuen enkantean

Xan Harriague 2006ko irailaren 22a

Utzitako argazkiak

Etxalarko Iarmendiko postuak erabakiak dira. Lehen enkantea irailaren 9an egin zen. Orduan, 22 postuetatik 17k eskaintza izan zuten, batzuk prezio gorakada handiarekin. Gelditzen ziren bertze 5 postuak bigarren enkanterako utzi behar izan zituzten eskaintza eskasarengatik. Bi enkanteen artean ehiztariek sexta emateko aukera izan zuten eta hala gertatu zen 11, 23 eta 24. postuen kasuan. Hori dela eta, joan den asteartean, irailak 19, egindako bigarren enkantean, 8 postu gelditzen ziren jokoan, 3 sexta jaso zutenak eta eskaintzarik gabe gelditu ziren 5ak. Bigarren hitzordu honetan, Etxalarko herriaren onerako, postu guziak joan ziren.

Bi enkanteak kontuan hartu eta, ehizako postuek diru sarrera gehiago ekarriko diote udalari. Joan den urtean 50.000 euro bildu baziren, aurten aldiz, bertze 9.000 euro eskuratuko dituzte, baina hala ere duela bi urte baino 10.000 euro guttiago. Eskaintza gehien eskuratu zuen postua, joan den urtean bezala, 13. izan zen 7.320 eurorekin. Hasierako prezioa 1.600 eurokoa bazen ere lehen enkantean 10 euroko 572 tanto jaso zituen. Bigarren postu garestiena, sexta jaso zuen 24. izan zen. Lehen enkantean eskaintza 940 eurotan gelditu bazen, tantorik jaso gabe, bigarrenean, postu hori lortzeko borroka handia izan zen, 10 euroko 566 tanto jaso zituen, eta azkenean, 6.760 eurotan erabaki zen. Iaz bezala 12. eta 14. postuek ere prezio pollita lortu zuten, 3.920 eta 3.440 euro. Aurten ere, postuen saltzeak diru sarrera adierazgarria ekarriko dio Etxalarko herriari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun