Erreka kirol elkarteak Zuzendaritza Batzorde berria hautatzeko bertze saiakera eginen du irailaren 29an

Jean HARRIAGUE 2006ko irailaren 21a

Haren lana arintzeko, lan talde bereziak osatuko dira

Joan den irailaren 16an, Doneztebeko Erreka kirol elkarteak Batzar Orokorra egin zuen. Hasteko, azken urteetako kirol eta ekonomia arloko balantzeak egin zituen zuzendaritzak. Kontu horiek direla eta, azpimarratu nahi izan zuten diru sarrera eta inbertsioen arteko oreka gorde duela elkarteak, eta ekonomiari dagokionez ongi dagoela elkartea.

Kirol alderdiari dagokionez, arlorik nagusienak aipatu zituzten batez ere, hala nola, eskubaloia, pilota eta judoa. Alabaina, ez zituzten ahantzi urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldiak eta txapelketak, eta minutu batzuk hartu zituzten bertzeen artean Kros herrikoia, mendiaren eguna, frontenis, pilota eta futbito txapelketak aipatzeko.

Pasatako urtea aztertu ondotik, etorkizunari begira jarri eta Zuzendaritza Batzorde berria osatzen saiatu ziren. Zoritxarrez, elkarte aunitzetan gertatzen den bezalaxe, ez zuten lortu baina bai heldu den urteei begira proposamen batzuk egitea zuzendaritzaren lana arintzeko: legealdia 2 urtekoa izatea eta lan gehien duten ekitaldietan (Herri Krosa eta Eguberrietako Saskia) komisioak antolatzea. Dena den, heldu den ortziralerako bertze bilkura bat deitu dute, arratsaldeko 20:00etan, Zuzendaritza Batzordea eta Komisio berriak osatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun