Euriak ez zituen galarazi Joaldunen eguneko ospakizunak

Xan Harriague 2006ko irailaren 18a

Bazkaria baino lehen, artisauen erakusketa eta aizkolariak zeuden herriko plazan

Joan den larunbatean, irailak 16, joaldunen eguna iragarria zegoen Iturenen, eta eguraldi euritsua izan arren, antolatzaileek eutsi egin zioten aurreikusitako egitarauari. Goizeko 7:30etan bildu ziren plazan gauzak prestatzeko, eta gosaldu ondotik, ardi larruak eta joareak jaunzteko zeremoniaren ordua ailegatu zen. Prestatze eta apaintze lanak eginak zeudela eman zioten hasiera ibilaldiari 16 joaldunek. 10:00ak abiatu ziren Lasaga aldera eta handik Ameztia auzoko baserrietara. Urtero bezala, baserritarren harrera paregabea izan zuten, eta atez ate pintxoak eta edariak eskaini zizkioten joaldunei nekeak indarberritzeko.

Baserriz-baserriko itzulia egin ondotik, herrira itzuli ziren joaldunak karrikaz karrika buelta batzuk emateko. Ordurako, Herriko Etxeko arkupean artisauen azoka zegoen ikusgai. Bazkaltzeko ordua hurbiltzen ari zela, aizkora apustua egin zen eguraldiak beldurtu ez zituen herritarren aitzinean. Aurtengoan ere, goi mailako bi kirolari lehiatu ziren, alde batetik Donato Larretxea eta bertzetik Floren Nazabal.

Azkenik, eta goizeko ekitaldiekin bukatzeko, bertsolarien txanda etorri zen. Euriak etenik ez zuela, ospakizunetan parte hartu zutenek bazkari eder batez gozatu ahal izan zuten Herriko Etxeko sabaian. Arratsalde eta iluntze partea musika eta dantzak eman zion segida lagunarteko giroari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun