Elizondoko Lur Dantzalekuan egin zuten joan den ortziralean Bidasoaldeko Film Laburren IX. Nazioarteko Zinemaldiaren bukaerako ekitaldia. Aurtengo edizioari agurra emateaz gain, sariak ere banatu ziren. Obra hoberenaren Urrezko Iratzea eta 4000 euroko saria, Rafa Piquerasek zuzendutako “El mejor mecanógrafo del mundo”k eraman zuen. 18 minutu irauten duen obra honetan, Ernesto Casanova da protagonista nagusia, 35 urteko mekanografoa. Abokatu bulego batentzat lan egiten du eta bere nagusiaren idazkariaz maiteminduta dago. Filma monotonia goxoan iragaten da, nagusiak ordenagailu bat erosten duen arte. Orduan Ernestok bukaera hurbiltzen ari zaiola ohartzen da.
Mario Iglesiasek zuzendutako “Madres”ek eskuratu zuen bigarren saria, hau da Zilarrezko Iratzea eta 2000 euro. Giro tristea nagusia den film honetan, Julia margolaria bere alabarekin bizi da Galiziako kostaldean. Duela gutxi hil zaio senarra eta bigarrenaren haurdun dago. Behin andre bat heldu zaio, hila den bere semeaz erretratu baten eskatzeko. Lan bereizi horren burutzeko ez du ezta argazki baten laguntza ere izanen. Obra honek publikoaren saria ere eskuratu du.
Bi sari horiez gain, arloen arabera Brontzezko bertze sei Iratze banatu ziren. Gai naturalista edo giza baloreak hobekien jorratzen dituen filmaren irabazlea, Daniel Chamorrok zuzendutako “Solo para Chelo” izan zen. Animaziozko lan hoberenarena Jorge Laplaceren “Palomita Mia”k eraman zuen. Akitania, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako film hoberenarentzat ere brontzezko iratze bat aurre ikusi zen. Aurtengoa Igor Zabala eta Xabier Etxandia zuzendariek aurkeztutako “Argentina”k irabazi zuen.
Aktore hoberenak ere Brontzezko Iratze bat irabazten du. “Morir, dormir, soñar” filmean aritu diren Miriam Montilla eta Ana Walgenerek konpartitu behar izan zuten saria. Gisa berean, argazki hoberenak ere Brontzezko Iratzea eskuratzen du, Aurtengoa Eduardo Chaperok zuzendu duen “Contracuerpo”ri eman diote.