Ramon Latasaren eskulturaren maketa Herriko Etxera ekarri dute

Jaione OTXANDORENA 2006ko irailaren 18a

Ramon Latasari eskainitako eskultura brontzezkoa izanen da eta 5 metroko altuera izanen du. Utzitako argazkiak

Joan den abuztuaren 20an ekarri zuen Eduardo Zancada eskultoreak Sunbillara Ramon Latasa aizkolariari egin behar zaion eskulturaren maketa. Benetako eskultura brontzezkoa izanen da eta 5 metroko altura izanen du. Maketan dagoenak metro bat du eta buztinezkoa da. Guzti honetan lanean ari den taldeari, Antton Espelosin, Pako Errandonea eta Miguel Mari Latasari, aunitz gustatu zaie maketa, eta diotenez, arrunt ongi egina dago. Eduardo Zancada eskultorea Meridan sortua da, baina gaur egun Madrilen bizi da. Bere lanak hagitz famatuak izan dira baina agian aipagarriena, Madrileko Puerta del Solen dagoen Carlos III.ren eskultura da.

Eskultoreak eguna Sunbillan pasatu zuen eta ikaragarri gustatu zitzaion benetako artelana jarriko den lekua, baita gure herria ere. Ulibeltzak elkartean bazkaldu zuen, eskulturaren lan taldea osatzen dutenekin. Bazkaria Anjel Mariezkurrenak prestatu zuen. Komisioko partaideek heldu den urteko abuzturako eskultura Sunbillan egotea eskatu zioten eta eskultoreak baiezkoa eman omen zuen.

Dena den, maketa ikusi nahi duen guztiak aski du Herriko Etxera joatea, hortxe baitago guztientzat ikusgai.

Bertzalde, egitasmo honen gastuak ordaintzen laguntzeko zozketa egin zen abuztuaren 19an. Peugeot 206 kotxea (1220 zenbakia) Lesakako Josetxo Etxepareri egokitu zitzaion eta Kubara bidaia (8110 zenbakia) Hondarribiko Francisco Pikabeari. Zorionak!!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun