Santa Krutz bestak ospatu zituzten Urritzokietako auzotarrek joan den aste hondarrean. Sainduneko Bordako Zubian 70 bat lagun bildu ziren irailaren 17an, bazkari ederraren bueltan. Giro onak eta musikak ez zuten hutsik egin. Irune eta Itsaso trikitilari gazteek dantzan paratu zituzten bildutakoak eta berandura arte luzatu zen besta, afaria egin baitzen bazkariko sobranteekin. Urritzokietako bestak herrian ospatzen diren auzoko besta bakarrak dira, gainerako guztiak galtzen joan baitira. Azkenekoak Antsolokuetakoak izan ziren, baina duela bi urte galdu egin ziren hauek ere.