EAko Ramon Etxebestek Doneztebeko alkatetza berreskuratu du

Aitor AROTZENA 2006ko ira. 18a, 13:14
Ramon Etxebeste, Doneztebeko Herriko Etxearen aitzinean. Artxibokoa

Joan den ortziralean, irailaren 8an Doneztebeko udalak egindako batzarrean, Eusko Alkartasunako Ramon Etxebeste Urrutia izendatu zuten berriz ere alkate. Jakina denez, Ramon Etxebeste izan zen legealdi honetako lehendabiziko alkatea, baina 2005eko maiatzaren 15ean aurkeztutako zentsura-mozio baten ondorioz, EAko taldetik atera zen Joxe Irigoien izendatu zuten alkarte. Irigoien, abuztuaren 28an hil zen, baina hil aitzinetik, Teresa Gaspar zinegotzia izendatu zuen bere kargua betetzeko.

Baina irailaren 8ko batzarra baino lehen zenbait kontsulta egin zituzten Doneztebeko udaletxetik, Nafarroako Gobernuko lege-arloko zerbitzuetara, Nafarroako Hauteskunde Batzordera, baita Espainiako Hauteskunde Batzordera. Hauen arabera, hauteskunde zerrendetako talde-buruak bakarrik izan zitezkeen alkategai. Beraz, Ramon Etxebeste zen alkategai bakarra, EAko udal taldetik kanpoko zinegotzi guziak beraien alderdietatik kanporatuak baitzeuden. Halere, joan den urteko zentsura-mozioaren ondotik, Ramon Etxebeste bere taldeko azken postura pasatu zen. Honela, EAko Belen Arregi eta Maria Jose Rekarte izan zitezkeen alkate, baina hauek bere eskubideari uko egin eta Ramon Etxebeste taldekideari utzi zioten lekua.

Hamar minutuz egin zen batzarrean, Etxebestek aldeko hiru botu eskuratu zituen, berea eta Arregi eta Rekarte taldekideena; Vicente Maylin eta Jesus Juanenak kontra bozkatu zuten eta bertze hiru zinegotziek, Alfredo Zugarramurdi, Teresa Gaspar eta Serafina Grazeneak abstentzioa hautatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun