Logroñoko El Cortijo pilota txapelketa famatuko bi finaletan Erreka elkarteko ordezkariak izanen dira larunbat honetan, irailaren 9an. Izan ere, kadete mailako eskuz binakako finalerdian, Errekako ordezkariek, Aiestaran altsasuarrak eta Iraola almandoztarrak 22 eta 11 irabazi zieten Asteasuinzara eta Bengoa arabarrei.
Lau terdiko txapelketako finalerdi batean, berriz, Errekako bi ordezkari izan ziren aurrez aurre. Iraola almandoztarrak aisa irabazi zion Urrutia saldiastarrari, 22 eta 7. Bertze finalerdian, Alvaro Gomez errioxarrak 22 eta 10 irabazi zion Larrañaga gipuzkoarrari.
Gauzak honela, larunbat arratsaldeko 18:30etik aitzinera kadete mailako finala jokatuko dute Errekako Aiestaran eta Iraolak, Errioxako Aser eta Lucasen kontra. Lau terdiko final handian, berriz, Errekako Iraola, Errioxako Alvaro Gomezen kontra arituko da.