Bertze aunitzek udako oporrak aprobetxatzen zituzten bitartean, telebistako lankideak lanean aritu dira abuztu osoan. Berako Sanestebanetan hasi, Sunbillako Santiburtzioekin segi eta Etxalar eta Arantzako Amabirjinak arte, gure eskualdeko besta gehientsuenen lekuko izan dira ttipi-ttapako kamarak. Abuztuko bestak akaututa, atsedena hartu dute kamara eta kazetariek. Halere, ttipi-ttapa telebistak urte osoan grabatutako erreportaje interesgarrienen irudiak ikusteko modua izan da, nahiz langileak oporretan egon. Atsedenaldiaren ondotik, irailaren 18an, programa berriekin hasiko da telebista. Udako nagialdiaren ondotik, kultur, gizarte nahiz kirol arloko hainbat ekitaldi antolatu dira han-hemenka eta horien lekuko izanen da ttipi-ttapa telebista.
«Jokoa solas» saioak bederatzigarren denboraldia
Joan den denboraldiko programazioarekin segituko du ttipi-ttapa telebistak. Berak ekoizten dituen saioen artean beteranoena, Aitor Arotzenak aurkezten duen «Jokoa Solas» kirol saioa da, bederatzigarren denboraldian sartua. Aurten ere, gure eskualdeko kirolari eta kirol taldeen berri zabala izanen da astelehenetako saioan.