Eguraldi frexkoarekin baina giro ederrean igaro dira aurtengo Santiburtzio bestak

Jaione OTXANDORENA 2006ko irailaren 5a

Basilio Sarobe apezak bota zuen besten hasierako txupinazoa. Ondotik, hainbat ekitaldi egin ziren, tartean, herri kirol saioa. ttipi-ttapa

Txarangaren falta somatu da

Bertze urte batez ekitaldiz gainezka zegoen bestetako programa eta ezin aipatu gabe utzi, batez ere egunez egin ziren ekitaldi guztietan jende aunitz bildu zela, bai parte hartzera eta baita ikusle moduan ere.

Txupinazo aurreko herri kirol jaialdiak ere jende aunitz bildu zuen frontoira eta horren ondorioz, txupinazoa ere nahiko jendetsua izan zen orain dela urte batzuk izaten zenarekin konparatuz gero. Basilio Sarobe apezak, herritar guztiei besta onak opa ondoren, bestei hasiera eman zien suziria bota zuen.

San Tiburtzio egunean, aurten aspaldiko urteren ondotik, herriko dantzarien saio polita ikusteko aukera izan genuen. Bertze berrikuntzetako bat ahari apustua izan zen, nahiz ahariren batek borrokatu beharrean ihesari ematea nahiago izan zuen.

Bestetan egindako ekitaldi guztietan irabazle suertaztu zirenei, mus txapelketa, plater tiraketa, goitiberak… lerro hauen bidez zorionak, eta parte hartu zuen jende guztiari eskerrak ere eman behar zaizkio, egun horietan herrian izaten den giroaren sortzaileak baitira. Hala ere, gauza onak aipatzeaz gain, lerro hauetan idazteak ematen duen abaintaila probextuz, herriko bestetan, bezperan eta gazteen egunean bezalaxe, gainerako egunetan txarangaren baten doinuak faltan botatzen direla aipatu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun