Larunbat honetan, abuztuak 26, arratsaldeko 19:30etan hasita, Euskal Herriko harri txikien harrijasotze txapelketa jokatuko da Lakuntzako plazan. Txapelketa honetan sei harrijasotzailek hartuko dute parte eta bakarra izanen da eskualdeko ordezkaria, Patxi Larretxea arraioztarra hain zuzen. Berekin batera, bertze harrijasotzaile nafar bat, Xabier Igoa, Bizkaiako Xabier Agirre eta Bernardo Ureta eta Gipuzkoako Joseba Ostolaza eta Aimar Irigoien arituko dira.
Hiru minutuko txandak
Harrijasotzaile bakoitzak lau harri desberdinekin hiru minutuko txandak egin beharko ditu: 125 kiloko laukizuzena, 125 kiloko zilindrikoa, 112 kilo terdiko kubiloa eta 100 kiloko bola. Guztira kilo gehien altxatzen dituen kirolariak eramanen du txapela.