Errekako bi pilotarik elkarren kontra jokatuko dute El Cortijoko finalerdia

Aitor AROTZENA 2006ko abuztuaren 23a

Oskar Urrutia saldiastarra eta Mikel Iraola almandoztarra izanen dira aurrez aurre

Logroñoko El Cortijo lau terdiaren barreneko pilota txapelketa jokoan da. Joan den ortziralean, abuztuaren 18an, final laurdenetako partida jokatu zuten elkarren kontra Erreka elkarteko bi pilotarik: Iker Tainta lesakarra, alde batetik eta Oskar Urrutia saldiastarra bertzetik. Azkenean, Malerrekakoa nagusitu zen, 16 eta 22 eta beraz, Taintak ez du joan den urtean eskuratu zuen txapela defendatzeko aukerarik izanen. Ez da harritzekoa, txapelketa honen hamargarren edizioa baita jokoan dagoena eta inork ez du txapela bi aldiz janztea lortu.

Final laurdeneko bertze partidan, Errekan ari den Mikel Iraola almandoztarrak aisa irabazi zion Mallabiako Gartziari, 22 eta 10.

Urrutia eta Iraola aurrez aurre finalerdian

Gauzak honela, eta zozketak horrela erabakita, Oskar Urrutia eta Mikel Iraola aurrez aurre izanen dira finalerdian. Irailaren 2an, arratseko 22:30etan izanen dute hitzordua. Patxi Ordoki, Errekako delegatuak aipatu digunez, honek bere alde ona eta bere alde txarra du. Ona, Errekako pilotari bat berriz ere El Cortijoko finalean izanen delako eta txarra, bietako bat kanpoan gelditu beharko delako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun