Fernando Etxegaraik irabazi zuen abuztuaren 20an Sarako Kontrabandisten lasterketa

Jean HARRIAGUE 2006ko abuztuaren 23a

Sarako Kontrabandisten lasterketako lau lehenbiziko sailkatuak. Utzitako argazkiak

Berakoak marka berria ezarri zuen, 38 minutu eta 36 segunduko denborarekin

Joan den igandean, abuztuaren 20an, Sarako Kontrabandisten lasterketa egin zen. Berrogeita seigarren edizio honetan ere, Sarako plazan abiatu eta Larrungo mazeletan dagoen Zazpi Fago bitarteko bidea egin zuten korrikalariek, berriz ere plazara itzuliz. Duela bi urte bezalaxe, Fernando Etxegaraik lortu zuen garaipena. 9 kilometro inguru dituen ibilbidean beratarrak ez zien aukerarik eman aurkariei. 38 minutu eta 36 segunduko denborarekin probaren marka berria egin zuen Etxegaraik, Ramuntxo Lamothe saratarrak iaz egin zuen erekorra 20 segunduan hobetuz.

Bigarren postua Patxi Iratzoki igantziarrak eskuratu zuen, Honek ere lasterketa polita egin zuen eta bere marka hobetu zuen, 40 minutu eta 16 segunduko denborarekin. Iratzokik ere Berako herriaren izenean parte hartu zuenez, herrikako sailkapena Berak irabazi zuen. Hirugarren postua Joxelu Loiarte beratarrak eskuratu zuen, 43 minutu eta 49 segunduko denborarekin eta laugarrena Iñigo Lasaga etxalartarrak, 44 minutu eta 29 segunduko denborarekin. Biek Etxalarren izenean aritu zirenez, herrika bigarren izan zen Etxalar. Lau lehenbiziko sailkatuak, Manttale mendi lasterketa taldekoak dira. Jakes Bernet eta Alain Balaire saratarrek, zortzigarren eta hamargarren postuak erdietsi zituzten eta, horri esker, taldekako sailkapenean hirugarren izan zen Sara.

Emakumeetan Maika Ariztegi garaile

Emakumetan berriz, garaipena Maika Ariztegi iturendarrarentzat izan zen, lasterketa burutzeko 52 minutu eta 43 segundu eman zituen. Azkainerentzat ari zen Bernadette Bideondok bigarren postua lortu zuen, 53 minutuan bukatuz. Luzaiderentzat ari zen Josune Zabalak podiuma osatu zuen, lasterketa ordubete eta 7 segundutan bukatu ondotik.

Arestian aipatu bezala, 38 minutu eta 36 segunduko denborarekin, Fernando Etxegaraik Ramuntxo Lamothe saratarrari lasterketaren marka kendu zion. Halere, azken honek, maizenik irabazi duenaren marka dauka oraindik, bortz garaipenekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun