Igandean, abuztuak 6, Gasteizko bestetan jokatu zen Herri kirol jaialdian, Maika Ariztegi iturendarrak Euskal Herriko koxkor biltzearen txapela jauntzi zuen. Lasterketan hiru lagun neurtu ziren. Nafarrak, eta Hernandez eta Goluba Arabarrek 50 koxkor bildu behar izan zituzten ahalik eta azkarren. Maika oso fin ibili zen eta erraz nagusitu. Bertze biei minutu baino gehiagoko aldea atera zien, 7 minutu eta 42 segundo behar izan zituen lanak betetzeko. Lehen postua zalantzarik gabe erabaki bazen, bertze bien arteko lehia oso orekatua izan zen. Azkenean 3 segundorengatik, Hernandezek bigarren postua lortu zuen. 50 koxkorrak biltzeko 8 minutu eta 45 segundo behar izan zituen, Golubak berriz 8 minutu eta 48 segundo. Garaipen horri esker, emakumeetan zein gizonezkoetan, Euskal Herriko koxkor biltzearen bi txapelak gure eskualdera etorri dira, emakumezkoetan Iturenera, Maika Ariztegiri esker eta gizonezkoetan Igantzira, Patxi Irazokiri esker.