Baztan Errekako XXVII. Laxoa txapelketaren finala joan den igandean jokatu zen Oizko plazan. Txapelketa osoan partidurik ez zutelako galdu, Doneztebe A taldekoak, Felipe Ganboa, Luis Miguel Apezetxea, Patxiku Ganboa eta Jose Maria Anzizar faborito argiak ziren, baina aurkariek Irurita B taldekoek, Jon Azkarate, Joseba Urtasun, Xabier Ripa eta Jesus Etxenike, ordu arte maila ona erakutsi zuten eta ezustekoa gertatzen ahal zen. Zoritxarrez Baztandarrentzat ez zen hala izan. Malerrekakoak partiduan berehala sartu ziren eta 7 jokotako aldea atera zuten, 7 eta 0 aitzinean jarri ziren. Orduan Iruritarrek burua altxatu zuten eta lehen jokoa eskuratu zuten. Hala ere Doneztebekoek gogor eutsi zuten eta ondoko tantoa beraiena izan zen. Malerrekarrei joko bat bertzerik ez zitzaiela falta Iruritarrek bigarren joko bat eskuratu ahal izan zuten. Markagailuan 8 eta 2 zihoazen. Azkenik Doneztebekoek partidua bukatzeko zuten bigarren aukera ez zuten alferrik galdu. Ordu bat pasata iraun zuen partiduan 9 eta 2 nagusitu ziren. Aurtengoarekin Doneztebek lortzen duen hamaseigarren txapela da. Finalean erakutsitako mailari esker taldeko laurdena, Jose Maria Anzizar, partiduko jokalari onena izendatu zuten.
Bertzalde bezperan, hirugarren posturako finala jokatu zen Arraioz eta Irurita A taldeen artean, azken hauek nagusitu ziren.