«Nik ez dut aspaldi hain uso-sasoi motelik ezagutu. Bertze urte bat edo bi bakarrik izanen dira egundaino hain kopuru ttikia hartu dugula». Horixe erran digu Gerardo Danboriena usazaleak sasoiaren balorazioa eskatu diogunean. Kontuak ez dira aunitz aldatzen. Historia errepikatu egiten da. Aspaldiko urtetako martxari segituz, aurten ere hagitz balantze txarra egin dute Usategietan uso-denboraldia akabatzean. Urriaren lehenbizian hasita, joan den azaroaren 20arte iraun du aurtengo denboraldiak. Egun pare bat nahiko onak izan baldin badituzte ere, orokorrean arront txarra gertatu dela aitortu digu Gerardok: «Eguraldia ez dugu batere lagun izan. Haizegoa izan dugu egun gehienetan eta horrela ezin da lanik egin». Usoa pasatu, pasatu da. Joan den urtean baino gehiago gainera. Baina haizegoarekin itsaso aldera joan dira eta Iarmendiko gainean banaka batzuk bertzerik ez dira gelditu.
Edozein moduz, urteroko ohiturari segituz, abenduaren 3an, San Francisco Jabier Egunean, afaria aginen dute Etxalarko usazaleek bertze Usategietako langileekin batera. Gehienek uso-sasoi txarra pasatu dute baina elkarren arrimoan denboraldia gustura akabatzeko modua harrautuko dute.