Azaroaren 13an abiatu da Baztan-Bidasoako hamahirugarren futbito txapelketa. Aurtengoan hamazazpi taldek eman dute izena txapelketa honetan. Joan den urtean izandako sailkapenaren arabera, aurten lehen aldiz bi kategoriatan banatu dira taldeak: zortzi lehen mailan arituko dira eta bederatzi bigarren mailan. Igande honetan, bigarren mailakoak bakarrik lehiatu dira Sunbillako pilotalekuan.
Azaroaren 20an, lehen mailakoen lehen jardunaldia
Azaroaren 20an, berriz, lehen mailako taldeek ekinen diote txapelketari Doneztebeko kiroldegian. 16:00etan Doneztebeko bi talde haundiren arteko derbia jokatuko da: hainbat urtez txapeldun izandako Titi Ostatua eta joan den urteko txapelduna, Juanma Jardinen artekoa. 17:00etan Lesakako Haizegoa Elizondoko Kortarixar taldearen kontra arituko da. 18:00etan baztandarren arteko derbia jokatuko dute Arraioz eta Iruritak eta 19:00etan, Aise taldea Goizalde Ostatuaren kontra arituko da.
Bigarren mailako taldeek bigarren jardunaldia jokatuko dute azaroaren 20an, Sunbillako pilotalekuan: 16:00etan Sasoi Eskabazioak Zubietaren kontra arituko da, 17:00etan Ezkurra Menditxuriren kontra, 18:00etan Ordoki Likoreak Ulibeltzak taldearen kontra eta 19:00etan Narbarte Baietz Peñaren kontra. Legasako Xanpalek atsedena izanen du bigarren jardunaldi honetan.
Igoerak, jautsierak eta ligaren ondotik kopa lehiaketa
Josetxo Galarregi antolatzaileak aipatu digunez, hainbat berrikuntza izanen dira aurtengo txapelketan. Lehena, hasieratik taldeak bi kategoriatan banatzea izan da. Bertze urteetan multzoka banatzen ziren partehartzaileak eta hasierako ligaxkan sailkatzea lortzen zutenek jokatzen zituzten final laurdenak, finalerdiak eta finala. Aurten ez da halakorik izanen eta kategoria bakoitzean liga jokatuko da, guztiak guztien kontra. Gisa honetara, talde guziek partida kopuru berdina jokatuko dute. Ligan lortzen duten sailkapenaren arabera erabakiko dira txapeldunak, baita heldu den urtean lehen mailatik bigarrenera jautsiko direnak eta bigarren mailatik lehendabizikora igoko direnak ere. Lehenbiziko mailako azken hiru taldeak bigarren mailara jautsiko dira eta bigarren mailako hiru lehendabizikoak maila nagusian arituko dira hurrengo denboraldian. Taldekako sailkapenaz gain, banakako sariak ere izanen dira golegile nagusiari, gol guttien hartu duen atezainari, erregulartasunari, kiroltasunari…
Behin liga akituta, kopa txapelketa ere jokatuko da. Lehiaketa honetan bai, kanporaketak izanen dira. Lehendabiziko kanporaketa zozketa bidez erabakiko da eta hamasei talde arituko direnez, bigarren mailako azken sailkatuak ez du kopan parte hartzeko eskubiderik izanen.