Eraikuntza prozesua

ttipi-ttapa 2006ko irailaren 22a

ttipi-ttapa

Etxea norberak altxatzearen abentura

LURSAILAK
Batzutan lursailak bakarrik saltzen dira eta bertzetan etxearekin. Etxerik gabeko lursaila erosiz gero, bakoitzak hartu beharko du etxea altxatzeko ardura, eta hori sekulako abentura izan daiteke. Batezbertze bederatzi hilabete irauten dute holako lanek. Baina, jakina, batezbertzeakoak ez du aunitzik azaltzen, izan ere, norbere bere etxea eraikitzea aukeratzen duten gehientsuenek nahi izaten baitute lanetan parte hartu, eta horrek gibeltu dezake prozesua.
Dena den, eraikuntzarena, adreiluak jartzearena, zati ttiki bat baino ez da. Hasteko,lur-eremua erosi ondotik, zedula urbanistikoari kasu egin behar zaio, dokumentu honek erraten baitu lur eremu horren gainean eraiki daitekeen edo ez, etxeak zenbateko altuera hartzen ahal duen… Lur-eremu eraikigarria behar du izan, eta ez nekazaritza edo bertzelako erabilpenerakoa. Lur-eremuaren kontuak argituta, arkitektuarekin egoteko ordua ailegatu da. Etxea egin nahi duenak arkitektuaren proposamen batzuk hartuko ditu eta zer nahi duen aukeratu. Garrantzitsua da eraikuntzaren inguruan herri bakoitzeko udalak agintzen duena jakitea.

BAIMENA

Behin pausu horiek emanda, obra egiteko baimena eskatu beharko du interesatuak Udalean. Arkitektuak sinatu eta Arkitektoen Elkargoak onartuta, proiektuarekin batera, azterketa geoteknikoa eta segurtasun eta osasun txostena aurkeztu beharko ditu. Horretarako, lehendik, neurketa topografikoak egin beharko ditu arkitektuak, edo lan hori egin dezan topografoa kontratatu.
Ondotik, guztia aurkeztuta, udalak baimena emanen dio proiektuari edo zuzenketak egiteko gibelera bueltatuko du makurrik ikusiz gero. Hori egiteko zenbat denbora beharko duen ez dago jakiterik, aunitz aldatzen da udal batetik bertzera. Tramitazioagatik tasa batzuk ordaindu beharko ditu promotoreak.

OFIZIALEEKIN
LANAK HITZARTZEKO ORDUA

Orain bai ailegatu da gremio ezberdinetako ofizialeekin lanean hasteko ordua. Fase honetako lehenengo pausuak izaten dira hoberenak, batez ere, etxea goratzen ari dela laister ikusten delako. Hala ere, arazoak izan daitezke: gremio aunitz aritu behar dira elkarlanean, eta azken urteotan ofizialeek lan aunitz dutenez, txanda hartu orduko denbora dezente pasatzen ahal da. Holako arazorik ez izateko, komeni da tramitazio burokratikoak zenbat iraunen duen aurrikustea eta, epe horiek kontuan hartuta, lanen hasiera hitzartzea.

LANAK AKAUTUTA

Obren ziurtagiria lortu behar da. Aseguru bat egitea ere derrigorrezkoa da, batez ere arrisku zibilen aintzinean babestuta egoteko. Ondoren eskuratuko da etxea bizigarria dela bermatzen duen dokumentua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun