Hezetasun arazoak etxean

ttipi-ttapa 2006ko irailaren 22a

ttipi-ttapa

Funtzezkoa da aurrea hartzea, ikuskatzea eta diagnostikatzea

Zergatien peskizan
• Hezetasuna hodiren bateko ur galeraren edo ate-leihoen drainatze txarraren ondorio izan daiteke.

• Lurreko mailaren azpitik dagoen sotoetako zola porotsua lurretik etxebizitzaren barnealderaino doazen hezetasunen eragile izaten da.

• Kondentsazioa eta manposteriako arrailak ere badira barnealdeko hezetasunen eragile.

• Kontuz ibili ate-leihoek hartzen dituzten kolpeekin, markoen inguruko entokadura erortzen ahal da, eta tarte horietatik ere sar daiteke hezetasuna. Bete itzazu tarte horiek uraren kontrako masilla bereziarekin.

• Ikuskatu urtean behin kanalen, ur-zorrotenen eta hormen iragazgaiztasun egoera. Zain ezazu, era berean, drainatze-sarearen garbiketa eta zoruen balizko arrail eta zirrikituak. Horretan zabiltzala, ez ahaztu teilatuko isurbideak (hustubideak, kanalonak eta gainezkabideak) garbi dauden eta behar bezala funtzionatzen duten ikuskatzea.

• Aztertu, hiru urtean behin, fatxadan arraildurarik edo deformaziorik sortu den eta teilatuaren kontserbazio egoera egokia den (teilak, inklinazio-aldaketak, ea.).

Nola nabaritu arazoa

• Egiaztatu kondentsazio arazoa den ala bestelakoa den: jarri eragindako paretan aluminiozko paper pusketa bat, zinta itsaskorrez. Aluminioaren ageriko azaleran lurruna agertzen baldin bada, kondentsazio arazoa da.

• Etxebizitzaren barnealdean eragina duten euri-iragazpenak zehazki mugaturiko orban gisa agertu eta, euria egitean, nabarmendu egiten dira.

• Paretak, barne zein kanpoaldean, gesal edo kresalezko orbanak agertzen baditu, arazoa behetik gorako hezetasuna da (lurretik igotzen dena, alegia). Hori garaiz tratatzen ez baduzu, litekeena da gerora paretan goroldioa agertzea eta barrenean pintura erori eta pareta lizuntzea.

• Ustekabeko hezetasunak ur-bideek (hodiren bat hautsi edo lehertu, gaizki elkarturiko juntura bat, ea.) eragin duten ihesen ondorioz agertzen dira eta horman edo sabaian aureola zentrokide gisa agertzen dira. Zenbat eta ur gehiago bildu, orduan eta zabalago agertuko da aureola.

• Eraikuntzan edo etxegintzan baliatzen diren materialak (hormigoia, igeltsua, ea.) nahasteko erabiltzen den urak azaleratzeko joera izaten du: horrek ere orbanak sortarazten ditu sabai, zola, pareta eta gainerakoetan.

• Kanpoko hezetasuna erakusten duen sintometako bat fatxadan efloreszentzia zuriak agertzea da. Lizuna, goroldioa edota arraildurak ere hezetasunaren seinale dira.

Hasi lanean!

• Aurreneko hezetasun sintomaren bat agertu bezain laster bilatu konponbidea emateko sistemarik egokiena; ondotik, iragazkaiztu edo inpermeabilizatu azalera hori, arazoa berriro gerta ez dadin. Ez utzi larriagotzen.

• Konpondu arraildurak agertu bezain laster, baita txiki-txikiak badira ere: baliteke horren atzean hodi zartatu edo ireki bat egotea; debora igarotzen utziz gero, filtrazioak arraildurara pasa daitezke eta, pixkanaka, pareta guztira hedatu.

• Euri edo elurrak sortarazitako filtrazioak lehenbailehen konpondu behar dira. Bertzenaz, hezetasuna etengabeko tanta bilakatuko da.

• Hezetasun seinalea lehortu aurretik ez ahalegindu azalera hori inpermeabilizatzen.

• Hezetasun orbana lehortzeko piztu gela horretako kalefakzioa eta eduki horrela hainbat egunetan, itzali gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun