Parket flotatzailea

ttipi-ttapa 2006ko ira. 22a, 13:46

ttipi-ttapa

Merkea eta instalatzeko erraza

Zer da parket flotatzailea?
Egurrezko piezekin osatzen da eta normalean xafla luzeak izaten dira. Pieza hauek, teknologia berezia erabiliz tailer espezializatuetan itsasten eta bernizatzen dira. Ez dira lurrean ez itsasten ezta iltzatzen ere. Ikusten ez den aldea, azpitik geratzen dena, neoprenozko mintz edo geruza baten gainean jartzen da. Hori dela eta, “flotatzen” gelditzen da, eta aldi berean, isolatzaile funtzioa egiten du. Beste tronadura edo tarima batzuekin konparatuz, parketa jartzeak ez du lan handirik eskatzen eta etxea bera ez da osorik hustu beharrik obra egiteko. Konparazioan, horixe da duen abaintalarik nagusiena.

Era berean, edozein zoletan erabil daiteke, baita lehenagoko zolaren gainean ere. Hala ere, baldintza batzuk eskatzen ditu: 20 graduko tenperatura izatea eta gela ongi aireztatua egotea, hezetasunaren lurruna likido bihurtu eta parketaren gainera eror ez dadin. Jarri ondotik gelako zola 3-4 zentimetro altuago izanen dugu. Beraz, parket flotatzailea aurreko zola kendu gabe jartzen bada, parketa jarri ez den gelak baxuago geldituko dira. Egurrezko xaflen azpian jartzen den neoprenozko geruzak isolatzaile funtzioa betetzen badu ere, hezetasun handia dagoen etxebizitzaren zatietan parket flotatzailerik ez jartzea gomendatzen da, ura eta egurra bateraezinak baitira.

Hori dela eta, ez da gomendatzen bainugela eta sukaldeetan jartzea. Halakoetan, komunontzi, bidet, konketa eta dutxaren ondoan tapizak jartzea komeni da, baita harraskaren ondoan dagoen zatian ere.

Zer egin ongi mantentzeko

• Xurgagailuaz garbitzea komenida. Izan ere, era horretan zikinkeria partikulak arrastatu gabe jasotzen dira, lixa efektua ekidinez. Xurgagailu gehienek beren osagarrien artean parketak garbitzeko osagarri berezia izaten dute.

• Bertzela, bereziak diren trapu edo mopa hezetuak erabiltzea komeni da. Parketaren iraunkortasuna, neurri handi batean, bernizaren baitan dago. Beraz, bernizak egoera onean iraun behar du. Horrexegatik, erabiltzen den produktua ahalik eta leunena izatea komeni da, korrosioa ekiditeko.

• Profesional batzuek garbitzeko ura eta ozpina nahastea gomendatzen dute; beste batzuek diote hobe dela ura erabiltzea, bertzerik gabe. Edozein modutan, egoera onean mantentzeko gehiegizko ura ekidin behar da.

• 10 urtean behin parketaren zorua leuntzea komeni da. Horrela, zoruari 30 urteko bizi-bermea ematen zaio.
• Marradura posibleak ekiditeko aulkien, mahaien eta antzekoen hanketan feltrozko takoak jartzea komeni da. Kasu eman altzariak arrastaka ibiltzean edota oinetakoen zikinekin. Etxebizitzaren sarreran oin-zatar bat edukitzea ezinbestekoa da.

Bi erako parket flotatzaileak: egur naturalezkoak edo melaminazkoak

Bi erako zolak daude: egur naturalezko parket flotatzaileak eta laminak melaminazko erretxinaz estaliak dituztenak. Dekorazioari dagokionez, euren arteko ezberdintasuna honetan datza: melaminazkoak kolore eta apaingarrietan aukera gehiago ematen ditu; egur naturalezkoak, berriz, ez du kolore aldaketarik onartzen eta aukeratutako egur motara mugatu behar da.

Egur naturaleko parket flotatzailea

• Materialak eta kalitatea. 2 edo 4 milimetro lodiera duten egur noblezko hiru panelez osatuta dago, euren artean kolatuak eta, gainera, babesten duten hainbat berniz geruza ditu egurra higagaitzago bihurtzeko. Abantailen artean, kalitate hobea eta iraupen luzeagoa.
• Egurraren akaberak. Distiragabe edo distirarekin berniza daiteke. Azken urte honetan distirarekin bernizatzen da gehienetan hutsegiteak eta urradurak hobekien ezkutatzen dituena baita.
• Prezioak. Garestienen artean egur tropikala nagusitzen da. 35 euro ordaintzen da metro kuadroa hezetasunari hobekien eusten diona delako. Merkeenen artean haritz, pago eta gerezi xaflak daude. Metro kuadroa 20 euro eta hortik aurrera ordaintzen da.

Parket flotatzaile laminatua

• Materialak eta kalitatea. Egurrezko taula edo lamina baten gainean argazki erreprodukzio bat itsasten da, estilo ezberdineko apaindurak ere onartzen ditu, gelari eman nahi zaion erabileraren arabera. Erreprodukzio hori melamina gardenezko hainbat erretxina geruzaz estalita dago, higadurari, talkei, zigarroen erredurei eta eguzkiari arras ongi eusten diona. Taula bakoitzak melaminazko bi edo hiru lamina edo taula txikiz osatuta egon daiteke.
• Prezioak. Zenbat eta erretxina geruza gehiago izan eta taula lodiagoa izan, parket hori orduan eta garestiago izanen da metro kuadroko, hala ere, prezioa aukeratutako akaberaren araberakoa ere izanen da (marrazkia...). 4 milimetroko erretxina duten taulak metro kuadroko 33 eurotan eros daitezke eta 2 milimetrokoak metro kuadroko 20 eurotan.l

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun