Ahozko tradizioa biltzen du «Malerreka solasean» liburuak

ttipi-ttapa 2006ko abuztuaren 1a

Mikel Petrirena, Mikel Gartzia, Amaia Paulaza, Mate Lakar eta Mikel Belasko, urriaren 13an «Malerreka solasean, ahozko tradizioaren bilduma» liburu eta DVDaren aurkezpenean. TTIPI TTAPA

92 lagunekin egindako elkarrizketak biltzen ditu

«Malerreka solasean, ahozko tradizioaren bilduma» izeneko liburua eta DVDa aurkeztu zuten urriaren 13an Malerrekako Mankomunitatean egindako prentsaurrekoan. Ekitaldian, Maite Lakar eta Amaia Apaulaza lanaren egileak, Mikel Gartzia Malerrekako euskara zerbitzuko teknikaria, Mikel Petrirena Malerrekako Mankomunitateko ordezkaria eta Elea argitaletxeko Mikel Belasko izan ziren.

Duela lau urte Malerrekako ahozko tradizioan sakontzeko beka deialdia egin zuen Mankomunitateak. Maite Lakar eta Amaia Apaulazak hartu zuten beka eta lau urteotako emaitza izan dira argia ikusi duten liburua eta DVDa. Malerreka eta Bertizaranako hamabortz herrietan egindako 92 elkarrizketa erabili dituzte. Informazio horren laburpena ageri da liburuan eta DVDan . Lana egiten lagundu duten guztiak eskertu nahi izan zituzten bi egileek, bereziki udan hil zen Txema Aldabe euskaltzalea: «Txema izan zen beka honen bultzatzaileetako bat eta beti laguntzeko prest zegoen. Lan hau zati haundi batean berea ere bada».

«Malerreka solasean» liburuaren mila ale argitaratu dira eta horietatik 400 Mankomunitatearen esku gelditu dira. Malerrekan salgai dago liburua joan den astetik Donezteben (Miren, Gurutze, Blas eta Ostiz), Sunbillan (Marisol), Ituren eta Eratsungo dendan, Zubietako Errotan eta Santxokoan, Beintzako Ostatuan eta Iturri-Ondo elkartean, Narbarteko Esther dendan, Legasako elkartean eta Oieregin, Bertizko Partzuergo Turistikoaren bulegoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun