Interneteko Mikologia Foroaren bilkura aste hondar honetan eginen da

ttipi-ttapa 2006ko abuztuaren 1a

Azaroaren 5 eta 6an mendi ateraldiak, solasaldiak, erakusketak eta bertze hainbat ekitaldi eginen dira

Interneten mikologiari buruz eztabaidatzeko erabiltzen den Micolist foroko partaideek eskualde ezberdin batean biltzen dira urtero. Aurtengoan Malerreka aukeratu dute eta Donezteben elkartuko dira azaroaren lehen aste hondarrean.

Larunbatean, azaroaren 5ean, goizeko 9etan bilduko dira partehartzaileak elizatarian eta mezan topaketa eta Micolist bedeinkatuko dira. Ondotik aurreskua dantzatuko da eta zinean, Onddo eta Zizen Kofradiaren aurkezpena eginen du Jose Miguel Galarregi presidenteak. Goiza akitzeko taldeka eta leku ezberdinetan mendira aterako dira eta lorategi botanikoa bisitatuko da. 14:00etan bazkaria izanen dute Ameztia jatetxean eta 16:00etan berriz ere mendira aterako dira. 18:00etan, zinean onddoak identifikatu eta prestatuko dira erakusketarako. 19:00etan, Miguel Angel Perez de Gregorio mikologo adituak “Onddoak eta Natura” gaiari buruzko solasaldia eta irudi-proiekzioa emanen du. Honek akitzen duenean, bertze aditu batek, Fernando Palazónek Morchela generoari buruzko solasaldia eta irudi-proiekzioa eginen du, espezie batzuk bereizteko ezaugarri makroskopiko eta mikroskopikoak azalduz. Antolatzaileek bi aditu hauen solasaldira agertzeko deialdi berezia egin dute, onddoaren mundua aski ongi ezagutzen baitute 20:30etan, lehen eguna akitzeko, afaria izanen dute Santamaria jatetxean.

Igandean, azaroaren 6an, bezperako egitarau berdintsua izanen dute goizean. Honela, 9etan bilduko dira elizatarian, kofradiaren aurkezpena eginen gu Galarregik zinean eta mendira ateraldiak eginen dira. Eguerdi partean, elizako plazan, onddo erakusketa eta artisautza azoka eginen da. Biltzen den onddo kopuruaren arabera, Kofradiak prestatutako onddoak dastatzeko aukera ere izaten ahal da. Ondotik, San Migel baseliza bisitatuko da eta leihatilatik euro bat botatzeko aholkua eman dute antolatzaileek. 14:30etan bazkaria eta despedida izanen dute eta arratsaldea libre. Dena den, 20:00etan afaria ere izanen da eta orduan agurtuko dira onddo eta Internet munduari “engantxatuenak”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun