Herria Ezagutuz

Oskar TXOPERENA 2006ko abuztuaren 1a

Euskara dokumentu zaharretan

Gauza jakina da Herriko Etxeetan orain dela guttira arte eskribauak edo idazkariak beti gaztelaniaz idatzi izan dutela. Ez dago Herriko Etxeko artxiboan dokumentu zahar bakar bat ere euskaraz. Horrek ez du erran nahi eskribauek –zenbait tresna edo tramankuluren izena gaztelaniara itzuli ezinik- hitz bat edo bertze euskaraz idaztzi ez zituztenik.

Horrela, 1694ko kontu liburuak hauxe dio zati batean: “un yerro que llaman eçpata para el molino farinero”.

Pixka bat beranduago, 1706an: “instrumento para los tejeros llamado escugurdia para carrear tierra”.

1708ko honetan, berriz: “fierro que llaman erroa para la puerta de las vegas de Ygalar” –Ataka-ttikiz ari da-.

Azkenik, 1722ko pasarte batean: “hazer unos fierros que llaman chimelas”.
Lau adibide paratu ditugu euren testuinguruan, baina bertze aunitz badaude, aski politak batzuk: “chimelas”, “yguelmaia”, “meateguiyas”, “ardia”, “charraquillas”, “yngud”, “dendalarria”, “aska”, “galiurra”, “caviguña”, “masocalagunas”, “auspatteguia”,… eta bertze zenbait, hiru mende inguru duten hitzak, lantegi edo tresnei lotutakoak gehienak, garai hartako zurgin, olajaun eta arotzek erabiltzen zuten hizkuntzaren adierazgarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun