Eguraldi ederra baina usorik ez zen pasatu Usategietako igandean

Joseba eta Nerea 2006ko abu. 1a, 14:10
Ezusteko arrakasta izan zuen lehendabiziko patata tortila lehiaketak. Hamabortz hirukotek parte hartu zuten. Artxibokoa

Larunbatean hamabortz hirukotek parte hartu zuen tortila lehiaketan

Urriaren hirugarren asteburua berezia izaten da etxalartar guztientzat, astebukaera horretan usoen besta ospatzen delakoz. Nahiz eta igandea egun nagusia den, gazteek larunbatetik hasten dute besta eguna. Garai bateko gaupasa eta kontzertuak alde batera utzi diren arren, herriko gazteei ez zaie egun horretako grina bukatu eta aurten gauza berriak antolatu dituzte. Urriaren 15ean Etxalarko I patata tortila lehiaketa antolatu zuten, eta arrakasta handiz, 15 hirukotek parte hartu baitzuten. Tortila guzti horiek dastatzeko eta epaitzeko hiru sukaldari egon ziren, La Basqueko Antonio, Elutsako Pakita eta Herriko Ostatuko Julen. Beraien erabakia plazaratu zuten eta Tolareko bordako Lourdes Galarregi, Behekozubiko Ainhoa Berrueta eta Aldalurreko GarbiƱe Maiak egindako tortila izan zen onena. Frontoira hurbildu ziren guztiek tortilak dastatzeko aukera izan zuten.

20:30etan Zo-zonga perkusio taldeak herriko bazterrak doinu brasildarrekin alaitu zituen eta 21:30etan, azken urteetan egin ohi den bezala, 80 lagun bildu zituen gazte afaria izan zen Herriko Ostatuan. Afariaren ondotik, berriro ere danbor hotsak nagusitu ziren plaza inguruan. Eguna ongi bukatzeko hainbat gazte bildu zen txapelketako tortilekin gosari ederra egitera.

Usategietako igandean eguzki ederra izan genuen, eta jende anitzek aprobetxatu zuen Iarmendiko gainetik bueltaxka emateko eta usazaleek lana nola egiten zuten ikusteko. Baina eguraldiak lagundu arren, ez zen usorik pasatu. Arratsalde partean, besta giroa herrira jautsi zen. Arratsaldean Jalisko Band-en dantzaldia hasi zen, eta frontoiak Altxatak paratutako ostatuan taloak eta bokadiloak jan zitezkeen trago eder batez lagundurik.

Ilunabarrean herriko dantzarien aldeko zozketa egin zen eta hauek dira zenbaki saridunak: 1. saria 0382 zenbakiari egokitu zitzaion eta lesakar bati suertatu zaizkio hain preziatuak diren 12 usoak. 2. saria 3461 zenbakiari dagokio, baina Herriko Ostatuan bi lagunentzako afariak ez dauka jaberik oraindik. Eta bukatzeko 3. saria, hau da, kanpin denda Arantxipiko Garazi Remonek eskuratu zuen 4271 zenbakiarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun