Xanti Jorajuria
Epeloa Baserria
Donamaria
Noiz egin zenuten behi granja?
Orain dela 25 urte gutti gora behera. Hori baino lehen sotoan edukitzen genituen, baina azkenean granja libre batera pasa genituen.
Denetara zenbat behi?
Behiak eta migattuak denak kontatuta 130. Denak esnetakoak.
Goizean jeiki eta arratsa bitarte, nolako izaten da granjako lanen martxa?
Eguneroko lan fijoak; behiak jeitzi, bazkatu eta garbitasuna goizero eta gauero. Eta hortik aparte, garbitasuneko gauzak prestatu, piza eraman, ongarria bota…. Lan gehien ematen duena horixe da, garbitasuna.
Jatekoa nola ematen diozue? Kanpoan edo granjan?
Granjan bertan, mezkladoran bazka sartu (luzerna, siloko artoa, grasa silua, pentsua) eta horiek denak nahastuz prestatzen da.
Afizio edo ofizio moduan hartzen duzu?
Obligazio moduan. Orain dela 25 urte sartu ginen honetan eta segitu beharko dugu aitzinera.
Nola ikusten duzu abeltzaintza eta nekazaritzaren egoera?
Hagitz gaizki, gero eta traba gehiago jartzen dituzte. Prezioek beheiti doaz eta gastuak goiti, eta gainera, gero eta irabazi guttiago uzten du esne litroak.
Orain momentu honetan 25 urte gibelera eginen bazenu, behitegi berria eginen zenuten?
Seguraski ez, orain dagoen egoera ikusita ez dut uste.
Ferietan urtetik urtera azienda guttiago ikusten da, eta behiak, oraindik guttiago. Zergatik?
Behi gutti ikusten dira eta ikusten diren bakanak behi-gorriak. Ez da arraroa. Gero eta behi guttiago daude eta gaur egun ferietan ez da erosten. Normalena ttikitatik etxean haztea izaten da.