Asteburu huntan jokatu dira Bidasoa errekako XXVII. Laxoa txapelketako finalerdietarako itzulerako partiduak. Lehenean, Doneztebe A eta Arraiozko taldeak neurtu ziren. Nahiz eta Malerrekakoak faboritoak izan, Baztandarrak txapelketa joan ahala hobetuz joan ziren. Joaneko partiduan, nahiz eta etxetik kanpo aritu, doneztebearrek 7 eta 9 irabazi zuten. Itzuliko norgehiagokan, Arraioztarrek ezustekoa ematen ahal zutela sinesten zen. Hala ere, Malerrekako taldeak ez zuen hala ikusten, eta bere publikoaren aitzinean lehen partiduan baino maila hobea erakutsi zuen. Baztandarrei ez zieten aukerarik utzi eta azkenean finalerako txartela lortu zuten 9 eta 2 nagusituz.
Bigarren finalerdian, Iruritako A eta B taldeen arteko derbia izan zen. Joaneko partiduan, lehen taldeak logikoki 9 eta 6 irabazi zuen. Aldea hain handia ez izanez, itzulerako partidurako B taldeak aukerak gorde zituen, eta larunbatean ederki aprobetxatu. B taldea bigarren norgehiagokan 9 eta 6 nagusitu zen. Beraz bi taldeak berdinduta gelditzen ziren. Hori dela eta, hiru tantora erabakitzeko partidua jokatu behar izan zuten. Horretan ere, 3 eta 0 nagusitu ondotik, finalerdietarako ezustea emanez, larunbatean, B taldeak hoberena zela erakutsi zuen.
Aurtengo finala beraz, Doneztebe A eta Irurita B taldeen artean jokatuko da. Igandean, abuztuak 6 iraganen da, Oizko herriko plazan, goizeko 11:30an.
Hirugarren posturako finalean ere, Arraioz eta Irurita A taldeen arteko lehia ederra ikusteko aukera izanen da. Norgehiagoka hau bezperan, Uztailak 5, jokatuko da, arratsaldeko 18:00etan, Oizko herriko plazan.