Lanak egiteko dirulaguntza hartuko dute Beintza-Labaien, Donamaria, Etxalar eta Legasan

ttipi-ttapa 2006ko uztailaren 31

Beintza-Labaiengo udalak karrikak zolaberritzeko dirulaguntza hartuko du, 165.720 euroko subentzioa 236.743 euroko inbertsioari ekiteko. TTIPI TTAPA

2005-2008 Lau Urteko Planaren barrenean

Nafarroako Gobernuak, herrietako azpiegitura lanetan egin beharreko inbertsioetarako dirulaguntza sail berri bat onartu du, 2005-2008 Lau Urteko Planaren barrenean. Sail berri honetako dirulaguntzarik handiena Nafarroan Donamariako Udalak jasoko du, 353.241,89 euro hartuko baitu Gaztelu eta Artzeko euritako urak biltzeko sarea berritzeko eta ondotik zolaberritze lanak egiteko. Zehazki, Artze eta Gazteluko ur-sarea berritzeko lanek 226.673,97 euroko aurrekontua dute eta 136.586,60 euroko dirulaguntza emanen dute Iruñetik. Lan honetan, 39 etxetarako ur-hartzea ere eginen da. Bertze aldetik, lan hauen ondorioz altxatuko diren karrikak zolaberritzeko 309.508,42 euroko aurrekontua izanen da eta dirulaguntza 216.655,89 eurokoa izanen da.

Etxalarko Udalak ere dirulaguntza hartuko du Larrapil-Sarrikuko obra-hondakinen zabortegia ixteko. 12.433,41 euroko aurrekontuarekin 9.946,73 euroko subentzioa hartuko du Iruñetik. Ezpondak moldatu, zerrakura kendu, 190 metro kubiko lur zabaldu eta 380 zuhaixka landatuko dira.

Legasan, berriz, Bordatxuriko etxebizitzetara doan bidea zolaberritzeko dirulaguntza hartuko dute. 16.945,57 euroko aurrekontua du lan honek eta Nafarroako Gobernuaren subentzioa 11.861,90 eurokoa da. 200 metro luzeran eginen dira lanak, gaur eguneko zola sendotu eta gainetik ormigoia botaz.

Beintza-Labaiengo Udalak, azkenik, karrikak zolaberritzeko 165.720,27 euroko dirulaguntza hartuko du, 236.743,88 euroko inbertsioari aurre egiten laguntzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun