Azken urteetan berreskuratutako ohiturari eutsiz abenduaren 13an Santa Luzia eguna ospatu zen. Gazteleraz bada errana, Santa Luzia egunarekin gaua laburtu eta eguna luzatzen dela erraten duena, baina gehien bat jostunen eguna ospatzen da. Donezteben, historikoki merkatari, jantzigile eta jostunen herria izanik, gogoz ospatzen da egun hau. Azkeneko urteetan bezala Udala arduratu da antolaketaz, Cederna-Garalur elkartea eta Bertizko Partzuergo Turistikoaren laguntzarekin.
Goizean Malerreka aldeko artisauen lanen erakusketa eta salmenta izan zen elizako atarian. Florentino Ibarrak larruarekin, Bittoriano Arzuagak artilearekin, Juan Pedro Goñi eta Santiago Hualdek egurrarekin, Fausti Juanikorenak ehunekin, Daniel Fioramantek zeramikarekin eta Malu Alvarezek zilarrarekin egindako eskulanak ikusgai eta salgai izan ziren.
Meza Nagusiaren ondotik, urtero bezala omenaldia eskaini zitzaion herriko jostun bati. Honela, Udalak Mariela Olaizola Samaniegori eman dio aurtengo Urrezko Titarea. Mariela 15 urterekin hasi zen josten eta 48 eman ditu modista lanean. Gaur egun, 63 urterekin ere lantto batzuk egiten omen ditu, «neretzat bakarrik, gustatzen zaidalako». Jostun lanbidea gainbeheran doala onartzen du Mariela Olaizolak: «Donezteben josten genuen emakume guziak erretiratzen joan gara eta denda aunitz ixten ari dira. Baina hemen bezala, Iruñean eta Donostian ere».