Manolo Arozena ezagunagoa da bertsolari bezala, baina duela 10 bat urte Lurraren Egunean gasna txapelketako epaimahaian aritzea proposatu zitzaion. Geroztik urteroko hitzordua du. Bide nabar Etxalarren ere hasi zen. Berak dioen bezala ez da aditua baina gustura egiten du. Hala ere, azken urte horietan iduritzen zaio epaile gehiegi aritzen direla eta azkenean behar den bezala epaitzeko ez dela hobe.
Zein dira gasna epaitzerakoan kontuan hartzen diren ezaugarriak?
Hasten gara itxuragatikan. Azalari ere begiratzen zaio. Gero erditik mozten da eta barneko begiei begiratzen diogu. Horiek dira barnean agertzen diren zuloak. Handiak badira txarra da. Ttikiak eta uniformeak izan behar dute. Gero usaitzen da eta azkenean dastatzen. Orduan gustua eta jan ondotik uzten duen zaporea epaitzen dira. Batez ere azken bi ezaugarri horiek dira balio dutenak. Azala 0 eta 10era puntuatzen badira, gustuarena 2 edo 3 aldiz biderkatzen da.
Gasna nola epaitzen duzue?
Hasteko denak dastatzen ditugu. Maiz epaimahaikoak ez gaude ados gasna berdinarekin. Orduan aukeratzen dira puntu gehienak dituzten 5 edo 6. Diferentzia nabarmena izanez gero bakarrik 3. Horrek txapelketa batetik bertzera aldatzen da. Batez ere hartzen ditugu bertzeetatikan nabarmendu direnak. Ondotik bertze buelta bat egiten dugu. Aukeratu ditugu gasna berriz dastatzen dugu eta batzutan eztabaida pixka bat egin eta, erabaki bat hartzen dugu. Ez dago epaitzeko manera bereizirik.
Adin pixka bat duen gasna irabazteko suerte gehiago du?
Izaten ahal da bai, izaten ahal da ez. Gasna berria izanda ere, ikusten da gustua, gatza eta zaporea ona ala txarra duen. Berri-berrietan zaila da, baina 2 edo 3 hilabete izanez gero ikusten ahal da zer nolako gasna aterako den.