Ohi baino uso gehiago baina azkenean sasoi txarra

Xan Harriague 2006ko ira. 25a, 10:53

Utzitako argazkiak

Oraindik ehiztari batzuk ibiltzen badira mendietan barna, uso ehiza aspalditik bukatua da. Aurtengoa azken urteetako sasoirik txarrena izan da. Bai sareetan eta bai eskopetan. Sarako sareetan ez dute ez eta dozena erdi bat ere harrapatu. Etxalaren gehixeago, baina gauza gutti hala ere, 43 dozena. Emaitza txar horiek eta langileak aurkitzeko zailtasunek, heldu diren urteetan usoa sarean harrapatzeko jardunaldia zalantzan eman dezakete. Gure herriko ondarea den ehiza hori desagertzeko arriskuan da.

Kontrajarria bada ere, Lapurdi, Behe Nafarroa, Xiberua eta Nafarroa Garai arteko lepo edo mugen gainean lehen baino uso gehiago pasatu dira. Iratin, Arnegin, Bankan, Saran eta Urruñan, Akitaniako ehiztarien federazioak egiten dituen zenbaketaren arabera, 2000garren urtean 1.556.987 uso pasatu ziren, iaz 1.820.180. Aurten 2 milioi baino gehiago izan dira, hain zuzen ere 2.477 468. Harrigarria badirudi ere, horiek dira aurten argitaratuak izan diren zenbakiak.

Azken urte hauetan, ezaugarri nagusia izan da uso gehienak egun guttitan pasatu direla. Ez lehenago bezala urriko hilabete osoan.Aipatutako lekuetan, Irati kenduta, aurten zenbaketarik ez dutelako egin, pasarik handienak urriaren 26an eta azaroaren 3an eta 6an izan dira. Hiru egun horietan, 255.585, 569.300 eta 583.025 uso pasa dira, sasoi guztian pasatu den %57a.

Egun bateko pasarik handiena Urruñan izan da. Azaroaren 3an 343.870 ikusi ahal izan dituzte, 1.430 tropetan banatuak. Aldaketa horiek direla, ehiztariek moldatu beharko dute. Duela hamarkada batzuk, oporrak urriaren erdialdean hartzen bazituzten, eboluzio horrek segitzen badu, azaroaren hasieran hartu beharko dituzte. Azken urteetan ohartuak ginen, pasa gero eta beranduago zela. Aurten oraindik nabarmenago izan da. Lehenago azaroan biligarroa ehizatzen bazen aurten usoa izan da. 2000garren urtean, lehen uso pasa adierazgarria urriaren 16an izan zen, iaz berriz 22an. 2005ean, 26an izan da eta ondotik aste batez berriz lasaitu da. Kasik erran daiteke egun hori aparte, pasa azaroaren 2an hasi dela. Beranduago hasi bada, beranduago bukatu ere. Duela 6 urte, azaroaren 5ean gutti batzuk kontatu baziren, azken uso tropak urriaren 30ean joan ziren. 2004an azaroaren 7rako bukatu zen. Aurten berriz, kontaketa bukatu zutelarik, hilaren 11n, uso batzuk oraindik pasatzen ziren. Aunitz aipatzen da lurraren berotzea. Beharbada horren ondorioa da.

Azkenik ihiztarien artean aunitzetan aditzen da «kostaldean pasatzen dira». Zenbakiek uste hori zalantzan ematen dute. Egia da kostaldean lehen baino uso gehiago pasatzen dela. Baina Bankako zenbaketa salbu, bertze guztiek duela 6 urte baino uso gehiago kontatu dituzte. Arnegin 2000garren urtean 394.742 uso pasatu ziren, aurten 521.001. Duela 6 urte Sarako zeruan 264.557 joan ziren, 2005ean berriz 395.838. Ohartzen ahal gara, hala ere, aipatutako pasaren emendatzea, Urruñak aprobetxatu duela gehien bat. 2000garren urtean 389.752 uso zenbatu ziren. Aurten zenbaki hori kasik 4 aldiz biderkatu da 1.291.616 joan dira kostaldetik. Aurten zenbatuak izan diren lau guneetatik, hala nola Arnegi, Sara, Urruña eta Banka, azken hau dugu joan diren 6 urte hauetan usoak galdu dituen bakarra. 2000garren urtean 449.558 uso kontatu ziren eta aurten 263.013. Azken lepo hori salbuespen, eskualdeko bertze lekuetan lehen baino uso gehiago pasatu da. Hala ere argi da migrazioak aldatu direla, beranduago eta egun berezi batzuetan pasatzen dira. Gehienetan egun zoragarrietan ikaragarriko altueran pasatzen direla. Aldaketa horiek ehiztariaren mesederako ez dira eta gero eta uso guttiago hiltzen edo harrapatzen da. Ezkorrenak zenbakiak zalantzan emanen badituzte ere, badirudi, azken urte hauetan Belagoatik Hendaiaraino duela urte batzuk baino uso gehiago pasatzen direla. Etxera deus hil gabe itzultzen diren ehiztariek ez dute gehiago aitzakiarik izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun