Oihantzaina aspaldiko lanbidea da. Lehenago udal bakoitzak bazuen berea. Gaur egun aldiz, gehienak Nafarroako Gobernuarentzat aritzen dira. Horietako lehenak XIXgarren mendeko bukaeran kontratatu ziren. Hasieran erakunde horretan sartzeko maila berezirik ez bazen eskatzen, eta arituz ikasten bazen, 1980garren hamarkadan eskolak sortu ziren. Eskualdeko oihantzainek erran digutenez, haien lanak berdintsu segitzen du baina lehen baino ezagutza gahiago eskatzen du.
Eskualdean lehen mailako lanbide heziketa gainditu zitekeen Mugairin. Baina zaindari izateko bigarren mailako lanbide heziketa behar da. Orduan Burlatan egin daiteke. Orotara 5 urte dira. Baztanen, Malerrekan, Bortzirietan eta Leitza aldean, lan horretan aritzen direnak 11 dira baina Doneztebeko oihantzainek erran digutenez, 16 izan beharko lirateke, 4 eskualde bakoitzean. Juan Cruz Iriarte Baztango oihantzainaren ustez, oihana eta mendia aldatuz joan diren neurrian, haien lana ere aldatu egin da. «Lehenago egiazko zaindariak ziren. Markatzen ibiltzen ziren baina ez ziren gaur egun diren lege guzti horiek. Dena den, bertzeen baimena behar badugu ere, oihana kasik guk geronek kudeatzen dugu». Bixenteren ustez ez da hainbeste aldatu. «Arrunt gutti aldatu da, adibidez guk erabiltzen dugun tresna diametroaren neurtzeko duela mende bat erabiltzen zuten berbera da. Altuera neurtzeko tresneria berria sortu dute. Lehenago gutti gora behera asmatzen zen. Arbelak zituzten, guk berriz ordenagailuak. Aldatu da batez ere, tresneria aldetik». Biek iritzi ezberdinak badituzte ere. ez dira kontrajarriak. Lan bertsua gelditzen da baina administrazioaren aldetik eboluzio handia ezagutu du. Horrek badu eraginik haien egin beharrekoetan.
Aspaldiko lana
Betiko lana izan dute mozten ahal diren zuhaitzen markatzea. Bota edo bakandu behar diren oihanen erabakia udalari dagokio. Ondotik, alde teknikoa oihantzainek egiten dute. Aldi oro, itxura txarrena dutenak markatzen dituzte. Zuhaitz guztietan bi marka egiten dira. Bat enborraren gainean, azal pixka bat kendu eta Nafarroako zigiluarekin batera, neurriak eta zenbat m3 dituen ematen dute. Bigarrena berriz erroen gainean egiten dute. Alejok horren zergatia azaldu digu: «aspalditiko teknika da. Mozketa bukatu dutelarik, erroetan diren markei esker, ditugun apunteak eta botatuak izan diren zuhaitzak konparatzen ditugu. Batzutan gertatzen da, botatzen ari zirela ondokoa hondatu edo arraildu dutela. Horiek kalte saihestezinak deitzen ditugu. Hala ere, gehiegi izaten badira ordaindu behar dituzte».
Oihanari lagundu behar
Lehenago zuhaitz berrien landatzea, oihantzainaren lana izaten zen. Herri gehienetan ereiten zituzten harrizko hesi baten barrenean eta bizpahiru urte zituztelarik, berriz landatzen zituzten. Gaur egun lan hori enpresa pribatuei ematen zio. Kanpoko zuhaitza oraindik landatzen bada, lehen baino aunitz guttiago egiten da. Legearen arabera 4tik 1 hemengoa behar du izan. Bertakoa landatzen da, batetik ingurumenari begira eta bertzetik kalitatezko egurra duelako. Juan Cruzen ustez hazteko luzeago bada ere, merkatuan balio gehiago du. «Orain Baztanen leku gehienetan bertako arbola sartu da, gerezi ondoa, haritza, pagoa eta holakoak. Kalitateko egurra beti saltzen da. Pinuak aldiz ikaragarrizko gora beherak izaten ditu prezioan eta salmentan. Urte batez aski ongi izaten ahal da eta ondoko urtean arras gaizki».
Azken urte hauetan, etxeko zuhaitza lehen baino gehiago hautatzen bada, landatzeko orduan, tokiak eskaintzen dituen baldintzak kontutan hartzen dira. Lan fisikoa hasi aitzinetik proiektuak idazten dira. Horretan tokiaren orientazioa, altuera eta lurraren ezaugarriak hartzen dira. Ondotik hobeki egokitzen zaizkion zuhaitzak hautatzen dira. Elizondokoak gauzak sinplifikatu dizkigu «Maiz lur ederrean hemengo arbola sartzen da, leku txarrean eta idorrean berriz kanpokoa».
Bertze kasu batzuetan berriz bertako eta kanpoko zuhaitzak nahasten dira. Kanpotik ekarritakoak suaren kontrako erresistentzia guttiago dute. Duten izerdia sugarrak arrotzen ditu eta horien azpian den lurra eta landareak idorrak dira. Aldiz hemengoek hezetasuna pasatzera uzten dute, erretzeko denbora gehiago behar dute. Hori dela eta, azken urteetan leku batzuetan nahasi egin dira, horrelako hondamendi baten kasuan suaren abiadura moteltzeko.
Aunitz dira, zuhaitzak landatzeko orduan kontutan hartzen diren ezaugarriak. Paisaiak errespetatu behar dira. Merkatuaren gora beherei egokitu behar da. Zuhaitz guztiak ez dira abiadura berdinean garatzen. Landatzen den lekua kontutan hartu behar da eta azkenean segurtasun neurri batzuk hartu behar dira. Gainera horietariko batzuk kontrajarriak dira. Orduan udalak, oihantzainek eta Nafarroako Gobernuak, denen artean eztabaidatu eta konpromiso bat hartu behar dute.
Aldaketen ondorioz sortutako beharra
Landatzea garrantzitsua bada, lehen urteetan beharrezkoa da eremu horien garbitzea. Lehenago mendia garbiagoa zen beraz lan horren egiten denbora gutti pasatzen zuten. Behartzen zen lekuetan oihantzainak berak egiten zuen. Gaur egun, maiz landaketak egiten dituzten enpresek garbitzearen zerbitzua ere proposatzen dute. Zuhaitzak landatu eta ondoko 3-4 urteetan lekuak garbitzen dira, batez ere landare gaztea ateratzeko eta ote, iratze edo sasien artean ez itotzeko . Ahal denean ere garbitzen da suteen arriskuari aurre egiteko. Baina hori gero eta guttiago egiten da. Alejok erran digunez, «bertze hainbat sailetan bezala, guk ere diru eskasa sentitzen dugu eta azkenean lanak ez dira nahi bezain ongi eramaten».
Europako diru laguntzak
Udalek, egurraren salmentatik ateratzen diren etekinen parte bat berriz mendian inbertitzen dute. Irabazirik ez badute izan, aurrekontutik atera behar dute. Oihanak eta mendiak Nafarroako Gobernuak kudeatzen baditu ere, diru laguntza gehienak Europatik biltzen dira. Urte guziz udaberri aldean udalek epea izaten dute landaketa edo garbiketa proiektuak aurkezteko. Ondotik gobernuak erabakitzen du lagunduko duen eta zenbatetaraino. Suteen kasuan, berriz landatzen delarik %100ean diruz laguntzen da.
Oihantzainen etsaia
Sutea bai dela oihantzainaren amets gaiztoa. Kasik urte guziz gertatzen dira. Gehienetan baserritarrek pizten dituzte, bazterren garbitzeko. Zoritxarrez batzutan kontrolpean ez dituzte atxikitzen eta hondamendia hasten da. Lehenago orain baino gehiago egiten ziren, gaur egun egiten diren gehienak, baimenarekin egiten dira. Baina horrek ez du arriskua kentzen. Juan Cruzek gaia disgustuarekin aipatzen du, «ez badu dena kiskaltzen landare eta zuhaitzak hondatzen ditu, eta horiek urte batzuen buruan hiltzen dira. Aldi oro, azken 10 urteetako lana suntsitzen du». Alejok Bidasoa-Berroaranen, hala nola Sunbilla, Doneztebe, Narbarte eta Elgorriagan, 1989an gertatu zen sutea aipatu digu. «Izan zen azken 25urte hauetako Nafarroako handiena. Sute horretan ezaugarri aunitz lotu ziren. Lehenik negu idorra izan zen. Otsailean su egiten aritu ziren eta itzalitzat utzi zuten baina haizegoa egin zuen eta handik bi edo hiru egunetara berriz su hartu zuen. Ezaugarri aunitz lotuak ziren, bazter idorrak, haizea, zuhaitz gehienak kanpokoak, koniferoak, errexki erretzen direnak eta bistan dena lehen sugarra». Hitz egin dugun 3 oihantzainek ados dira errateko, eskualdeko su-hiltzaileak eskertzeko lana egiten dutela eta suteen kontra borrokatzeko azpiegiturak nahiko onak direla. Baina Bixentek erran digunez “arras lan ona egiten dute, batez ere boluntarioak. Baina suaren kontra borrokatzeko ordez, hobe eginen genuke diru gehiago gastatuko bagenu horrelako hondamendiak saihesten, adibidez mendiak garbitzen».