Diru iturri edo baliabide naturalen leku izatetik aisialdi leku izatera pasatzen ari da
Jendearen bizian mendiak betidanik garrantzia handia izan du gure eskualdeak. Lehen hemengo jendea ingurumen horrekin lotuagoa bizi bazen ere, gizarteak eta eskualdeak azken urteotan ezagutu dituen aldaketen ondorioz, mendia bizileku izatetik industria eta aisialditarako eremu izatera pasatu da. Merkatuko legea dela-eta, oihangintzaren egoera arront kaskarra da, Turismoaren ikuspegitik, ordea, ingurumenari probetxua atera nahizaio, eta zoritxarrez, batzutan ingurumenaren kalterako.
Gero eta gauza guttiago ateratzen da menditik
Gaurko egunean mendian jende gutti bizi da. Lehen familia osoak bizi ziren herritik kanpo. Igandetan Elizara joateko oinez 2 edo 3 oren egin behar zirela. Orain, ordea, mendira denbora-pasa edo lan egitera joaten da, baina 4x4 autoetan eta arratsean berean etxera itzultzeko. Mende batean mendiak eta oihanak aunitz aldatu dira.
Mendia baliabide aunitza
Garai batean mendiko oihanen erabilpen nagusia su-egurra izaten zen. Batzuk etxekoz bakarrik mozten zuten eta bertze batzuk, neurri ttikian bazen ere, salmentan hasi ziren. Juan Cruz Iriarte Arizkungo oihantzainak erran digun bezala, «aspaldiko urtetan trukea erabiltzen zen, eta jendeak herritik zerbait berezia behar zutelarik, egurra mozten zuten eta Elizondora eraman diru gisa baliatzeko». Zurgaiak ateratzeko ez ezik, ikatza egiteko ere baliatzen zen lehen mendia. Horren lekuko ditugu mendi bazterretan ikusten ahal diren “ikatz-plazen” arrastoak. Hala, su-egurra ateratzea baserriko lan bat gehiago zen bitartean, ikatza ateratzea aparteko lanbidea ere izaten zen. Bertzalde, etxeak egiteko zurajeak ere menditik ateratzen ziren, lan-tresnak eta bertze hornidurak bezalaxe. Hala ere, Juan Cruzek dionez «ez da gaur egungo etxegintzarekin konparatzerik, joan den mendearen hasieran etxeak bakan egiten baitziren. Orain kasik familiako bakoitzak badu berea».
Gizakiak oihana zuzenean erabiltzen bazuen, denbora berean hazten zituen kabalen bazkalekua izaten zen. Ardiak, zerriak, behiak, sasoi ederrean, denak kanpoan bizi ziren. Mendian bazkatzen ziren belar, ezkur eta gaztainekin, bertzeak bertze. Animalientzat balio zuten gauza batzuk baserritarrek ere aprobetxatzen zituzten: gaztainak konparaziora. Alejo Martikorena, Doneztebeko oihantzainak kontatu digu nola egiten zuten lehen gaztainak kontserbatzeko. «Halako harrizko hesi batzuk ziren. Gaztainak morkotsarekin biltzen ziren han animaliek ez jateko, eta hola, hobe kontserbatzeko».
Ikerketa batzuk erakutsi dutenez, XVIIIgarren mendean patata eskualdera ailegatu aitzin, neguan gaztaina zela baserritarren elikagai nagusia. Gaztaindegiak, metro bateko alturako harrizko paretarekin itxiak, gaztain-morkotsez betetzen ziren eta gainetik belar edo aldaxkaz estali hezetasuna atxikitzeko. Horrela ondoko udaberriraino kontserbatzen ziren gaztainak. Aspaldiko idatzi batzuetan aipatzen da, aste saindua bitarte jaten zituztela. Udazkena ailegatzean azpientzako iratzeak egiten zituzten baserritarrek, eta baserri bakoitzak bazuen bere iratze lekua, gehienak herriko lurretan.
Izozkiaren ekoizpena ez da zuzenean menditik ateratzen, baina manera batean lotuta dago. Jende aunitzek ez du jakinen aspaldiko urteetan gure arbasoek izozkia egiten zutela. Hobe errana, izozkia egin baino elurra bildu eta kontserbatzen zuten urte guzian erabiltzeko. Ohitura hori Erromatarrek ekarri zuten. Oraindik gaur egun elur ziloen arrastoak ikusten ahal dira gure mendietan.
Gehienetan,suspel aldera edo iparralderantz ematen duten leku idorretan egiten ziren. Lur azpiko eraikinak izaten ziren, biribilean eginak eta 5 metro inguruko barnetasunarekin. Beherean, ura ateratzeko pasabidea egiten zuten. Denbora berean urtzen zena eta izozkia elkarren artean ez hunkitzeko, elur ziloa betetzen hasi aitzin, zureria batzuk ematen zituzten. Gainean lurrez estalitako teilatua eraikitzen zuten. Hala ere beti iparralderantz ematen zuen ate ttikia uzten zuten. Lehen malutak hasten zirelarik betetzen hasten ziren. Ziloan elurra ahal bezain bat tinkatzen zuten airerik ez uzteko. Bete eta hesten zuten. Udaberri aldera hasten ziren izozkia erabiltzen hasten. Gehienetan medikuntzarako erabiltzen zen, sukarra lasaitzeko, odol isurtzea apaltzeko, meningitisa artatzeko eta kolpe edo hezur baten hausteak eragiten duen mina kentzeko. Harrigarria badirudi, jateko-izozkiak egiteko edo edarien freskatzeko ere erabiltzen zuten. Gehienetan elur ziloak herriarenak izaten ziren, eta horren betetzea auzo lanean egiten zen.
Baserri mundutik industria mundura
1960garren hamarkadan eskualdeak iraultza ekonomikoa abiatu zen. Hori baino lehen, jendea baserritik edo ahal zuen bezala bizi zen. 1960tik honat, industria serioski indartu da Bidasoa aldean batez ere. Aldiberean, nekazaritza beheititzen hasi zen eta jende franko fabriketara joan zen lanera. Etxalde batetik belaunaldi eta senide aunitz bizi ziren. Joan den mendeko bigarren erdian nekazaritza indibidualizatu egin zen.
Salerosketaren arauak aldatu egin ziren. Baserrian ekoizten zen etxerako behar zen gehiena, eta diru gutti izaten zen kontsumora dedikatzeko. Hala ere, etekin partikular batzuk merkatuan sartu ziren. Bertze batzuk desagertu ziren. Azkenean industrializazioari lotuta, egur edo zureria eskaera sortu zen.
Nekazaritzaren mekanizazioa eta fabriketako lan errazagoaren eskaintzaren aitzinean, baserriko lanek gero eta bizibide guttiago eskaintzen zuten. Denbora berean hilabete sariak eta nekazaritzatik ateratzen ziren hilabete sariak apalagoak ziren. Ezaugarri horiek guziak baserriaren beheititzea ekarri zuen. Hori dela-eta, mendia eta oihana ere bigarren mailan ggelditu zen. Iratzeari dagokionez, gaur egun gutti batzuk baizik ez dira mozten dituztenak. Abereen aldetik, ardiak oraindik ikusten dira baina bertze animali guztiak kasik desagertu dira. Zerria ere luzaz ikusi bada ere, Juan Cruzek azaldu digunez «kasik desagertu ziren, zerrien izurria izan zelarik. Orduan debekatu zituzten eta geroztik bakan ikusten dira mendian. Gainera horrekin ere ez da sosik egiten».
Gaztainak, berriz, lehen elikagai nagusi izatetik gaur egun sagardo pixka batekin urtean bi aldiz baizik ez dira jaten. Ikatza egitea oraindik goizago desagertu zen, joan den mendearen hasieran. Gero eta guttiago erabiltzen zen, errentagarritasunik ez zuen eta merkatuan ikatz minerala gailendu zen. Garai beretsuan izozkia egitetik utzi zuten, izozkia industrialki egiten zuten fabrikak sortu baitziren. Su-egurrari dagokionez, oraindik baserri batzuk egiten dute baina duela hamarkada batzuk baino aunitzez guttiago. Zenbait herritan etxe bakoitzak badu egunlote baten eskubidea. Baztanen, konparaziora, orain 200 egur-lote baizik ez dira ematen, gehienak baserritarrek eskatuak. Etxeak berotzeko sistemak aldatu dira eta denbora berean egurraren bota, atera eta moztea ez da lan erreza izaten eta jakitate minimo batzuk eskatzen ditu.
Herriarentzako diru iturria
Mendia edo oihanari lotutako jardunaldi batzuk desagertu edo murriztu ahala bertze batzuk sekulako iraultza ezagutu dute. Udalak laster ohartu ziren merkatu horretatik etekinak ateratzen ahal zituztela papertegi eta zerrategiei egurra salduz. Baina hemengo zuhaitz zaharrak ez ziren probetxu industrialerako egokienak. Aspaldiko ohitura zen haritz, gaztain eta pagoak kapetatzea. Horren ondorioz, zuhaitz horiek korapiloz beteak daude zur-material gisa erabiltzeko, baliorik gabeak. Hori dela-eta, ipurditik moztu zituzten aunitz eta haien ordezkatzeko, hazten urte gutti behar dituzten zuhaitzak landatu ziren. Pinu insignis eta larizioak ausarki sartu zituzten gure mendietan. Bistaren aldetik eragin handia izan zuten. Pinudien hazkuntza prozesua kontrolatzeko, bakanketa erabiltzen da. Ttikienak, hondatuenak, eri direnak edo puntta idorrak dituztenak saldu edo botatzen dira. Horrela egitea lagungarri da bertze pinuek zur politagoa izan dezaten. Pinuek 30 urte inguru dutelarik, ez dira gehiago handitzen. Orduan, pinudi osoa botatzen da, eta eremua libre gelditzen da berriz landatzeko. Haritza, pagoa, gaztainondoa eta orohar hemengo zuhaitzekin, bakanketa baizik ez da erabiltzen. Kasu hauetan bertze helburu bat izaten du bakanketak. Zuhaitzik ahulenak bota eta hoberenak uzten dira hazteko.
Eskualdeko egur gehiena hemengo enpresa batzuk ateratzen dute. 10-15 langile enplegatzen dituzte. Moztu eta kalitatearen arabera banatzen dute. Gutti batzuk, prozesu osoa eramaten dute oihana ateratzetik salmentaraino.
Bixente Gelbentzu Doneztebeko oihantzainak erran digunez «Egurrik hoberena eraikuntzarako dedikatzen da. Kalitate ona baina pixka bat guttiago duena altzarigintzan erabiltzen da. Makalagoa dena paletak eta horrelakoentzat, eta txarrena, azkenik, papertegietara saltzen dute». Zurajerako enborrak gutienez 28cm.ko diametroa behar du.
Azken urte hauetan Baztango udalak kontratua du Durangoko papertegi batekin, eta botatzea erabakitzen den egur guztia papertegira doa zuzenean
Aldaketaren irakurketa
ezberdinak
Azken ehun urteotan gure mendien itxura aldatu da. Batzuentzat urte horietan eskualdeko oihanak kutsatu egin dira. Juan Cruzek hala pentsatzen du, «paisaiak aunitz aldatu dira, batez ere duela 40 edo 45 urte, pagoak eta haritzak ziren lekuetan pinuak sartu zituztelarik. Azken urte hauetan horretaz ohartu gara eta, kontrako bidea egiten ari gara. Sute baten ondorioz ez bada, kanpoko zuhaitzen landatzea ez da diruz laguntzen, aldiz hemengo zuhaitzena kasu gehienetan bai». Egurraren ekoizpenak ere eragin handia izan du ingurumenean. Egurketan aritzeko pistak egin behar izaten dira eta gaur egun ibilgailuek duten “prestakuntzarekin”, mendian non nahi ikusiko ditugu. Hasiera batean pistak lanerako egin baziren ere, laster jende aunitzek baliatu ditu. Jun Cruzen ustez horren arrisku handia ekarri du. «Pistak egin ziren, baina orain nornahik erabiltzen ditu motoak eta 4x4ak. Zoritxarrez, aunitzetan ingurumenarekin ez dute batere begirunerik. Gauza horiek hobekiago arautu beharko lirateke». Fenomeno honek basa ihizietan eragina izaten ahalko luke, baina egon garen 3 oihantzainak ados dira, gure mendietan bizi diren animalien kopurua emendatu dela errateko. Bixenteren ustez batzuk biderkatu egin dira, «basurdeak eta orkatzak edo basa ahuntzak lehen baino aunitz gehiago dira. Gordetzeko leku gehiago dute». Batzuk diote gaur egun mendia zikinagoa dela. Iratzeak egiten ziren leku aunitz larre bihurtu dira, baina bertzetan berriz, sasiek gaina hartu dute. Horretan ere bi iritzi daude. Mendia naturalago da, eta azkenean, berea zena berreskuratzen du. Piztiak ere bizitzeko leku gehiago dute, baina denbora berean, bazterrak idorrak direlarik suteen arriskua handiagoa da. Garbiketa batzuk egiten badira, Juan Cruzen ustez ez dira behar bezainbat egiten. «Oihanberritzean, 3 edo 4 urtez garbitzen dira baina hortik goiti, diru eskasarengatik ez dira egiten. Orduan otea ateratzen da. Zuhaitza handitzean berriz itoko du baina 10 urteko epe horretan arriskua arras handia da».
Aldaketa ona hala txara izan denik, bakoitzak ikusi behar du, baina argi dena da, azken 100 urte hauetan mendiak egiazko iraultza ezagutu duela.
Krisian dagoen sektorea
Lan eskaintza adierazgarria
Gaur egun mendiari lotuta lan gehien eskatzen duen jardunaldia mozketa da, baina eboluzio haundia izan du hasi zenetik orain arte. Lehenago arpana eta mandoekin aritzen zen. Gero motozerra sartu zen. Gaur egun, ordea, zuhaitza moztu, adarrak kendu eta enborra nahi den neurrian mozten dituen makinak erabiltzen dira. Hala ere, Alejo Martikorenak erran digunez, makina hau ez da gure eskualdean dauden maldetarako egokia. «Prozesadora deitzen den makina hori, traktore batekin aritzen da eta leku zelaietan aritzen ahal da».
Tresneria guztiz aldatu bada ere, Doneztebeko oihantzainaren ustez lan berdina egiteko langile kopuru bertsua behar da. «Gure eskualdean behintzat, zuhaitza traktore batekin prozesadoraraino ekarri behar duzu. Ondotik hunek bere lana egiten du eta gero bertze lagun batzuk egurra pilatu behar dute. Urte horietan aldatu dena abiadura da, lehen baino aunitzez azkarrago egiten da lan. Erran behar da segurtasunaren aldetik ere hobetu dela». Oihantzainen arabera, kontatuz zerrategietan lan egiten dutenak, gutti gora behera, eskualde huntan 110 bat lagun aritzen dira gaur egun mendi-lanetan.
Landaketa lanetan ere bada enpresa mordoxka ari dena. Enpresa ttikiagoak dira, 3 edo 4 langile inguru izaten dituztenak. Horretan ere, Bidasoa-Berroarango sutearen ondotik lan eskaintza gehiago izan bazen, gaur egun apaldu egin da. Inguru honetan horretatik bizi direnak 25 inguru dira. Garbiketa egiten dutenak enpresa berdinak izaten dira.
Garraiatzen berriz 10 bat lagun aritzen dira. Orohar oihantzainak barne, 150 dira eskualdean mendiari lotutako lanbideetatik hilabete saria ateratzen dutenak.
Europa ekialdeko konkurrentzia
Hiru oihantzainak ados dira egurraren ekonomia arras gaizki dela erranez. Baztango kasuan guti saltzen da eta merke. «Merkatua pattal dabil. Garai batean haritz amerikanoa aunitz sartu zen, baina orain ez da batere saltzen. Pinua eta alertzea zurgintzarako pixka bat. Bertako haritz politik gutti izaten da, eta gerezia, gaztaina, eta lizarra, politak baldin badira, ongi saltzen dira. Baina, egia erran, eskerrak Baztango udalak baduen hitzarmena Durangoko papertegiarekin. Bertzenaz hemen gauzak poliki mugituko lirateke». Alejok erran digunez, azken urte hauetan prezioen aldetik beherakada beldurgarria izan da. «Gaur egun, duela 3 urte ordaintzen zen prezioaren erdia ematen da. Metro kubikoa 60 euroan saltzen bazen, orain 30 baizik ez da eskatzen. Etorkizuna arras beltza ikusten dut. Mozten aritzen diren enpresek erraten dute larri-larri dabiltzala. Pagoa adibidez, ez da merkea dela, ez da batere saltzen. Errateko maneran, emanta ere ez dute hartzen. Haritz amerikanoa berdin». Ekonomia hori murriztea edo desagertzeak bi arazo sor ditzake. Batetik enplegu galtzea, eta bertzetik, diru sarrerarik ez bada, oihana zaintzeko inbertsiorik ez da izanen. Azken hunek izaten ahal dituen ondorio guztiekin: suteak, erreberritzeak eta bertze.
Gaurko egoera txarra baldin bada, ez du iduri heldu den urteetan egoera hobetuko denik. Merkatuaren beherakada 1998an hasi zen, batez ere prezioak apaldu zirelarik. Alejok azaldu digu hunen zergatia «Duela 7-8 urte Landesetan haize handiek zuhaitz aunitz bota zituzten, pinua pilaka. Frantzia Gobernuak diru laguntzak eman zituen hori guzia lehenbailehen ateratzeko. Zelaia denez, esku lan guttiago behar dute. Gainera eskaintza handia izaki prezioak apaldu ziren. Usaian hemen erosten zutenak hara joan ziren. Orduan hasi zen kanpoko egurra ekartzen». Doneztebeko oihantzainek “hasi” erraten du, erosleak Landesetako egurraren eskaintza ttikitu zenean, urrunago joan baitziren. Gero eta gehiago dira inguruko enpresak, enborrak Europa ekialdean erosten dituztenak. Esku lana merkeagoa da Baztandarrak erran digun bezala «Sobiet Batasunekoak ziren herrialdeetan gu baino merkeagoak eta kalitate hobea dute, beraz, zaila da horien aurka lehiatzea». Enborrak edo zurak erosten dituzten enpresentzat, garraioa ordaindu behar badute ere, merkeagoa dute kanpoko egurra ekartzea.
Merkatua berpiztu nahian
Usaian, egur-loteak saltzeko udal bakoitzak enkante propioa antolatzen zuen. Aurten bertze manera batean saiatu dira. Horregatik Nafarroako ipar mendebaldeko herriek enkante bateratua antolatu zuten urriaren erdialdean Altsasun. Oraingoan proposamenak eskua altxatuz egin behar ziren. Manera huntan, saltzaileek erosleen artean konpetentzia sortu nahi zuten. Han proposatu ziren 44 loteen artean, 16 saldu gabe gelditu ziren. Eroslea aurkitu zutenetan, 1 proposatutako prezioan saldu zen. Bertze guztiak %20eko beherapenarekin. Inguru honetako herrietatik 19k bazuten egur-loteren bat saltzeko, eta horietako 5 saldu gabe gelditu ziren: Oitzeko bat, Aranoko bertze bat eta 3 Leitzakoak. Eskualdeko loteen erosleen artean, gehienak (8) kanpokoak dira. Eskualdeko zerrategiek 6 lote erosi dituzte. Goizuetako Huizi eta Leitzako Zubillaga Saralegi dira hemengo eroslerik handienak. Bixente Gelbentzu Altsasuko enkantean egon zen, eta bere ustez, helburuen erdia baizik ez zen lortu. «Egia erran, pentsatzen genuen horrela konpetentzia lortuko genuela erosleen artean eta loteak finkatutako prezioan joanen zirela. Baina gaizki ikusi genuen, enkantea hasi baino lehen aski ongi bazekiten zeinek zer zuhaitzekin gelditu behar zuen. Altsasura etorri baino lehen elkarren artean hitzegin zuten. Hala ere, antolakuntzaren aldetik balantze baikorra atera dugu. Bakoitzak berea egin ordez, bateratuta, udalek diru guttiago galdu dute. Ikusi beharko da beharbada etorkizunean manera horrek emaitza hobeak emanen ditu».
Mendiak eta oihanak betidanik garrantzia izan du hemengo bizi moduan, diru iturri modura edo elikagaiak ateratzeko. Hala ere, gaur egun egiten ahal den balantzea nahiko ezkorra da etorkizunari begira. Bere burua zaintzeko menditik ez bada dirurik ateratzen ahal, bertze nonbaitetik atera beharko da edo gure bazterrak pixkanaka pixkanaka bertan behera utziko ditugu.