Argitzetik iluntzeraino lanean

Xan Harriague 2006ko irailaren 22a

Utzitako argazkiak

Joan den mendeko erdialdean Alpeetan, Ariègen, Iratin, Gorbean edo edozein mendiko laneko sasoietan lan baldintzak pixka bat aldatzen baziren, mendiko gizonen egun arruntak gutti gora behera berdinak izaten ziren.

argia lanean aritzeko ahal bezainbat aprobetxatzeko, 4ak eta erdiak aldean jeikitzen ziren. Pantaleonen iratzargailuaren enkargatua zen, «nire lehen urtetan, Iratin, Doneztebekoa edo alde horretakoa zen jeikitzen zen lehena, eta zutitu bezain laster pattarra edaten zuen. Gero, “arriba” oihukatzen zuen». Txabola guztia iratzarri eta, lehen lan orduetan tripa hutsik ez uzteko, ogi pixka bat banatzen zen. Arantzakoak erran digunez bakoitzak bazuen bere mania «batzuk ardoan bustitzen zuten, bertze batzuk berriz, hori jan eta gero trago ederra egiten zuten, edo bertzela beranduago jateko sakelan gordetzen zuten». Hori egina, oraindik argitu ez zuelarik, lan lekura joaten ziren.

uelarik, lan lekura joaten ziren. Goizuetako Martinek dioenez, batzutan ibilbide luzeak ziren «moztu behar ziren zuhaitzetaraino ordu bat izaten genuen oinez, eta argitu baino lehen ailegatu behar zen. Arratsetan berdin ilundu arte lanean, eta gero itzultzen ginen. Bidaia horiek beti ilunpean egiten ziren». 8:30ak aldean gosaltzeko ordua izaten zen. Pantaleonek Behe Nafarroan baba eta ilarra jaten bazuen, Martinek berriz patata frijituak izaten zituen. Leku batetik bertzera elikagaiak aldatzen baziren, hala ere denetan errantxoan jaten zuten. Indarra hartu eta 5 ordu inguru lan egiten zuten. Eguerdiko bietan berriz bazkaria izaten zen.

Panttaleonek dioenez, «bazkaltzeko, gosari hondarrak izaten genituen, eta gero, patata frijituak bakailuarekin». Goizuetarrak, berriz, goizeko babaren saltsarekin, salda egiten zuen. Bazkalondoan siesta. Horri buruz Pantaleonek, orain desagertu den arau bat kontatu digu. «Ez dakit zergaitik baina siesta egiten ahal genuen bakarrik maiatzaren 3tik irailaren 14a arte. Hortik kanpo ez zen egiten, edo batzuk zigarreta egiten zutela bertze batzuk aprobetxatzen zuten kuluxka egiteko baina egun horietatik kanpo ez zen egiten». Gurutze saindutik, santa Kruzeraino 3 laurden edo ordu bateko siesta egiten bazuten, Pantaleonek ez daki hortik goiti zergaitik ez zuten egiten ahal. Baina berak dioen bezala «hemen ere lehenago, gurutze sainduan zaharrei aritua izan dut –orain lasai ederrean siesta egiten ahal diagu–». Merendatzeko berriz nagusiak ez zuen deus erosten. Nahi zuenak etxetik ekarri behar zuen. Pantaleonek, hortaz aski ongi daki, pintxe aritu den urteetan batzuk prestatu behar baizituen. «Merendurako bertze langileak manatzen zidaten txabolatik zer ekarri behar nuen edo zer egin behar nuen –han azpi hartan baduk txokolatea, ekar ezak handik mutur bat–, –egosazu arroltze hori–, –egi ezak omeleta hunekin–. Hala ere gehienek ez genuen deus merendatzen. Afaria arte egon behar ginen». Hortik goiti eta arrunt ilundu arte, mozten eta garraiatzen segitu behar zuten. Gaua hor zelarik, berriz txabolara itzultzen ziren. Han aranztarrak erran digun bezala, biharamuna prestatzen hasten ziren. Arratsean berriz arnoaren banaketa egiten zen. «Bakoitzak ardo pinta bat izaren genuen, gehiago nahi zutenek ordaindu behar zuten. Hala ere gehienetan gure artean moldatzen ginen batzuk guttixago edaten zuten gu berriz aixesago». Eguna bukatzeko, afaria izaten zen. Hori ere sasoi guzian berdina izaten zen. Hala ere arratsetan haragi pixka bat izaten zuten. Hala ere Pantaleonek ongi jaten zuela erran digu «afaltzeko beti beti garbantzoa. Ondotik gisadoa egiten zen patata, haragi pixka batekin, barazkia bakarrik ez izateko. Egia erran, haragi gutti. Ez dakit zer haragi izaten zen. Nor daki zer biltzen zuten han bidean, ardi zahar bat edo… beti ere gantzaz betea izaten zen». Ezbehar baten ondotik, mendiko langile ohiak aitortu digu aste batez aski ongi jan zutela. «Udazkenean zen, San Miguelak aldean. Lanean ari zelarik, idi bat hondatu zen izterrean, harakinak ekarrarazi zituzten baina horiek ez zuela deusetarako balio. Jakinzazu guk ederki aprobetxatu ginuela. Jendeak ez zuen penik hartu».

Afaria bukatua berriz, ez zuten denborarik galtzen, hurrengo eguneko 4ak laster etortzen baitziren. Gaur egun hortzak eta bertzeak bertze garbitzen baditugu, Goizuetarrak erran digunez, «jan eta berehala, ohatzera joaten ginen. Garbiketarik ez ginuen egiten eta gainera geuden bezala pozik gelditzen ginen». Igandeak aparte, egun gehienak horrelakoak izaten ziren mendian. Eta jainkoaren egunean ere, beste lanak egin behar zituzten. Han ez zen lasai eta jostetan aritzeko denbora aunitzik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun