Kontrabandoa baino seguroago

Xan Harriague 2006ko ira. 22a, 14:00
Utzitako argazkiak

Duela 50 urte inguruko herrietan lan eskaintza gutti izaten zen. Ez bazen baserrian, bakan aurkitzen ziren bertze ogibideak. Kontrabandoan dirua egiten ahal bazen, anitz izan ziren Frantziara, Xuberora edo Behe Nafarroara, mendiko lanetara joatea nahiago izan zutenak. Bertze batzuk berriz, fabrikak hasi zirenean, herrian egoteko hauta egin zuten.

Orain dela 50 urte, lan eskasia zegoen gure inguruko herriotan. Pantaleon Errandonea aranztarrak, lehen sasoia 15 urterekin egin zuen, 1952an. Geroztik, bertze 16 egin zituen. Lehena Mendibeko gainaldean egin bazuen, Behe Nafarroako lurretan, ondotik Gorbeian eta Ariègen, ibili zen. Beti harritua izan da, herriko zenbat gizon joaten ziren mendi-lanetara. «Bazen hemen Berroetako apez bat, eta uste dut urte batez berak erran zidala Arantzatik mendiko lanetara 120 joan ginela. Edozein gisaz, hemen sosik ateratzeko ez zen deus. Fabrikak gero etorri ziren». Martin Uitzi goizuetarrak bazuen enplegua, baina diru aski ez zuen irabazten. Barberoa zen baina istripu baten ondotik 3 urte pasatu behar izan zituen klinikan. Hortik zorretan atera zen. Hori zela-eta, 1958an , 27 urterekin mendiko lanetara joatea erabaki zuen. Frantziako Haute Garonen egon zen. Luchon herrian. Atzerrian baziren ere, bere hitzetan argi da hemengo jende aunitz egoten zela. «Frantzian egon nintzen 5 urtez eta hitz bat ere ez nuen ikasi. Han denak hemengoak ginen eta Italiatik ere etortzen ziren baina horiek gurea ikasten zuten».

12 hilabetetik 9 kanpoan

Badirudi mendiko sasoi horiek arras garrantzitsuak edo gogorrak izan zirela 15 urteko aranztarrarentzat. Dagoenekoz 50 urte baino gehiago egiten badu ere, egunak eta datak aski ongi oroitzen ditu. «Lehenbiziko urtean martxoaren 9tik abenduaren 12a arte. Sasoi luze xamarra, ia 9 hilabete joan ziren». Maizenik, kanpora, otsaila bukaeran edo martxoan ateratzen ziren eta eguraldi txarrak edo lanak bukatu arte ez ziren etortzen, azaroan edo abenduan. Gehienetan sasoiaren luzetasuna egin beharreko lanaren arabera izaten zen.

Gaur egun bezalako ibilgailurik ez

Garai hartan kotxe aunitzik ez zegoenez, lehen urteetan autobusez joan ziren. Toki batean elkartzen ziren eta hortik ateratzen ziren. Arantzako Panttaleon, Etxalarko bentetatik ateratzen zen eta biharamunean baizik ez zen Mendibera ailegatzen. Gehienetan lehen geldialdia Iruñean izaten zen. Han bazkaldu ondotik, Nafarroako mendi aldera jotzen zuten. Pantaleonen kasuan, Mendibera joateko, gaua Orbaitzetan pasatzen zuen. «Frantzia aldera oinez eta kontrabandoan pasatzen ginen. Han baziren Guardia Zibilak, baina uzten ziguten. Seguraski moldatzen ziren. Txabolara ere jendarmeak etortzen ziren baina horiek ere ez zuten deus erraten. Horiekin ere moldatuko ziren». Oraindik negua zenez, bidai horiek egiazko abentura izaten ziren. Aranztarrak kontatu digu nola egiten zuten bidaia. «Orbaitzetatik Mendibe aldera pasatzeko elurrez betea zen. Gu ongi joaten ginen baina mandoekin ibiltzen zirenak, janariekin eta puskekin horiek sufritzen zuten. Aitzurra eta palekin pasabidea egin behar zuten. Errekak pasatzeko berriz zuhaitz handi bat botatzen ginuen eta haren gainetik pasatzen ginen». Hala ere lehen urteetan haraino joatea zaila izaten bazen, laster autoak eta bideak erraztu ziren. 1950eko hamarkadan sasoiak irauten zuen bitartean ez ziren etxera etortzen. Berrikiago, kasik astebururo etortzen ziren etxera. Lehen urteetan familia eta lagunekin harreman gutti izaten zuten. Batzuk 9 hilabetez herriko berririk ez zuten. Bertze batzuk berriz, San Ferminetan, Santiagotan edo Andre Maritan etortzen ziren, baina Pantaleonek dioen bezal,a ez ziren gaurko lan baldintzak «ni behin etorri nintzen Andre Maritan, herriko bestetara. Hamar bat egun pasatu nintuen, baina ez pentsa, horiek ez ziren pagatuak. Alderantziz gastua izaten zen guretzat. Huneraino etorri eta gainera bestetan sosa gastatu”.

Bizitzeko minimoak

Sasoia egitea zaila bazen urruntasunaren aldetik, bizitzeko lan baldintzak ere gogorrak izaten ziren. Iratin edo bertze mendietan, lana bertzerik ez zuten egiten. Eguneko argia lanean aprobetxatzeko, prestakuntza guziak aitzinetik edo ondotik egin behar ziren. Horretarako goizeko 4:00etarako jeikitzen ziren eta arratseko 11:00ak arte ez ziren oheratzen. Indar handiko lana bazen ere, 5 ordu baizik ez zuten lo egiten. Elikagaien aldetik, barazki anitz jaten ziren, baina haragi gutti izaten ziren. Egunero baba, ilarra, patata frijituak eta horrelakoak izaten ziren. Pantaleonek, bertze gisako jatekoa eskuratu nahian, arrantzan hasi zen. «Han amuarrainak izaten ziren. Ni horien ondotik hasi nintzen, baina horretarako astirik ez ginuelako, nire siesta denboran egiten nuen eta behin nagusiak erran zidan –egizu siesta bertzela ez duzu agoantatuko–». Denek errantxora jaten zuten. Gisa berean zatoari lotua bakoitzak bere kutxarila izaten zuen. Lo egiteko, lan tokian beraiek egindako txabolak izaten ziren. Erdian sukaldatzeko eta gela berotzeko sua izaten zen, itzulian lo egiteko tokiak. Martin Uitzi oroitzen da bakoitzak leku gutti zuela «han txabola ttiki horietan, 12-14 edo 18 lagun sartzen ginen, bakoitzak bere pusketan zerbait ikusteko, antolatua izan behar zen, arropak eta ez ziren non nahi utzi behar». Pantaleon Mendiben ibili zelarik horri buruz arau bat bazuten. «Makilez egindako ohetan, binaka izaten ginen eta bien artean ez ginuen metro bat baino gehiago hartu behar. Egia erran ederki egiten zen». Osasunari garrantzia anitz ematen badiogu, mendian zirenean, astean behin baizik ez ziren garbitzen. Libre izaten zuten arratsalde bakarra, igandekoa, garbiketari dedikatzen zioten. Goizuetako Martin Uitzik umore kutsuarekin kontatu digunez, «jai eguna, garbiketa eguna izaten zen, batzuk siesta pixka bat egiten zuten eta ondotik berriz ere lana. Bakoitzak bere burua garbitu, jauntziak garbitu bizarra egin, horiek guziak egin eta, jadanik iluna zen».
Jauntzien aldetik, mendiko lanetan hasi bezain laster, zirak agertu ziren, eta baldintza gogor horietan lan egiteko denek erosi zituzten. Baina ez zituzten hain gogoka izan. Gehienek nahiago zuten ordu arte erabiltzen zituzten ardi larruekin segitu. Pantaleonek euria ari zuelarik galtza eta atorraren gainetik, hori zuen gustukoena, «zirakin izerdia ateratzen duzu, berak bustitzen zaitu. Ardi larruakin aldiz ez. Hunekin belaunak-eta bustitzen dituzu, baina bizkarra eta gerria idor idorrak eta bero beroak gelditzen zaizkizu. Zirarekin, iduritzen zitzaigun ikaragarriko gauza erosten ginuela».
Baldintza horiek nahiko txarrak iduritzen bazaizkigu, urteak joan ahala hobetuz joan ziren. Txabolak eginak agertu ziren, ur beroa, janariaren aldetik haragi gehiago eta maizago… Lanbide zaila gelditzen bazen eboluzio baikorra ezagutu du urteetan zehar.
Bakoitzak bere lana
Mendiko lanetan gehienak arbolak moztera joaten baziren, bertze lan aunitz egiten ziren. Gazteenek maiz pintxe deitzen zen lana egiten zuten. Pantaleon bere lehen urtean, 15 urte zituelarik, horretan aritu zen eta nahiko gogorra iruditu zitzaion «Hemendik joan eta Santa Luziak arte, lo eta jaten aritzen nintzen denboraz aparte, beti zerbait banuen bizkarrean». Pintxe lanetan aritzen zirenak, goizetan baxerak egin behar zituzten. Ondotik bertze lankideei errantxoa banatu behar zuten. Enkargatuak manatzen omen zieten, non utzi eta zenbat lagunentzat.
Bertze batzuen lana, egurraren garraiatzea zen. Lan hori bi fasetan egiten zen. Lehenik, animalien indarrarekin, zegoen tokitik kableraino eramaten zuten. Hortik berriz airean, ibarrean zeuden fabriketara. Moztu eta, sasitik idiekin ateratzen zituzten. Orduan, lekukoa, mandoek hartzen zuten. Lan polita badirudi ere, ez zen batere hala. Aranztarra horretan gutti aritu bada ere, ez zuen batere gogoko izan. «Mandoekin lan zikina izaten zen. Goiti eta beheiti, lohian, tiraka, pusaka. Gainera, lanak bukatu eta gero, animaliak artatu behar ziren». Egurra kableraino eraman eta, bertze langile batzuk txanda hartzen zuten. Martin, Goizuetarrak, urte gehienak horretan pasatu ditu. Horien lana kargatzea eta deskargatzea izaten zen, enborren erdian gantxo bat sartu behar zuten eta bat baino gehiago eramaten bazituzten, haien artean kateatu behar zituzten. Mendiko lanetan gehienak mozten aritzen ziren. Lehen urteetan aizkora eta arpanarekin ibiltzen baziren, 1960tik goiti motozerra batzuk ikusten hasi ziren. Mozten hasi aurretik, ikusi behar zuten zuhaitza zer aldetara joanen zen. Behin hori ikusi-eta, alde berean oska bat egiten zitzaion. Azkenik mozten zen. Errexa badirudi ere, arreta handiarekin ibili behar zen. Aranztarrak erran digunez, taldekako lana izaten zen. Edozein eguraldirekin lan egin behar zuten, haizearekin moztea arriskutsua zen, baina hala tokatuz gero, lanean segitu behar.
Garai haietarako soldata adierazgarria
Frantzian edo Iratin, lehen urteetan nahiko apalak izaten ziren, baina lan bat izatearekin pozik ziren. Pantaleonek, 1952an pintxe aritzen zela, 30 Pta. irabazten zituen egunean, 900 hilabetean. Bigarren urterako 1.000 Pta.ra pasatu zen. Hala ere ongi iduritzen zitzaion «bertzeekin konparatuz guttiago ordaindua nintzen. Pintxe izatea ez zen errentagarria, baina 15 urterekin diru hori irabaztea bazen zerbait». Urteak pasa ahala langilearen fama ere jokoan sartu zen. Sasoira joan aitzinetik hilabete sariak eztabaidatzen ahal ziren. Aranztarrak, Gorbeian urte bat egin ondotik, laugarren sasoia berriz ere Mendiben egin zuen, baina orduan hemendik 1.500 Pta. eskatu zituen.
Azkenean 1.650 izan zituen. Hilabete sariak laster aldatzen zirela frogatzen digu Martin Uitziren ereduak. Zazpi urte berantago, Martinek hasieratik sos gehiago irabazi zuen. «Mendiko lanetan nire lehen soldata 5.000 Pta.koa izan zen, deus ikustekorik barbero bezala irabazten nuenarekin. Luchonen 5 urte aritu eta gero, Goizuetarrak han egindako sos guztia berehala inbertitu zuen. «1963an etorri nintzenean, banuen 1.000.000 Pta. bazterturik. Beste hainbeste zor egin nuen eta Lizarrango basoak hartu nituen, Ziguñaga papeleriarentzako. Urte hartan 80 bat langile banituen». Geroztik Martinek bere bizi guztia mendiko lanetan eraman du bere anaiarekin muntatu zuen enpresan.Pantaleonek lehen sasoitik hainbeste sosekin etorri zelarik ez zakien zer egin. Behe Nafarroan kautzu parea erosi eta gainerakoa etxerat ekarri zuen. «Familian zaharrena nintzen aita, ama, bertze bost senide eta aitaren arreba bat. Sos hori aitari mahai gainean utzi nion. –Hemen dituzu nire irabaziak–. Eta aitak erantzun zidan –ez, altxatu hiretzat–».
Gaueko lana baino nahiago
Mendiko lana gogorra iruditzen bazaigu, Martin zein Pantaleonek biak ados dira errateko nahiago zutela egur mozten aritu kontrabandoan baino. Herrian egoten ziren gizon gehienak horretatik bizi ziren. Gaurko egunean gaueko lana aipatzen delarik, beti harrotasun kutsu batekin egiten da. Gehienetan kontatzen diren istorioak ongi bukatzen dira. Azken batean garai horiek ezagutu ez dutenengan ikusmina sortzen du. Baina urte haietan badirudi kontrabandoa ez zela hain ederki ikusten. Martin lan horretan ere aritua da. «Garai hartan ere kontrabanduan lan egiten ahal zen, eta egin dut. Baina hori bai dela lan zikina. Hori bai ez nukeela berriz eginen». Aranztarrak ere nahiago zuen 9 hilabetez herritik kanpo egon diru guttiagorentzat, baina gogoa lasai izan. «Orain hasi solasean eta denek uste dute mendiko lana izugarri gogorra izaten zela. Gainera hemen kasik lau aldiz sos gehiago irabazten ahal bazen kontrabanduarekin nahiago nuen mendian aritu». Kontrabandoa eskualdeko ekonomia garatzeko balio izan badu, argi da mendiko lanetara joan diren gizonek ere aberastasunak eta sosa ekarri dutela mendi alde honetako herrien garapena laguntzeko. Alde huntan industria agertu zelarik, jardunaldi horren bukaera izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun