Baztan-Bidasoako 13. futbito txapelketa ia erabat erabakia dago. Lehen mailan zortzigarren eta azken jardunaldia jokatu zuten Donezteben abenduaren 18an. Lehia estua zegoen, bai txapeldunak erabakitzeko, baita jautsiera postuak saihesteko ere. Goitiko postuean, hamabina punturekin berdinduak zeuden sailkapenean Haizegoa, Irurita eta Aise. Arraiozek, hamar punturekin, txapelketa irabazteko aukeraren bat bazuen, Haizegoaren kontrako partida irabazi eta Irurita eta Aisek ere galtzen bazuten. Halere, Irurita eta Aisek, teorian partida errazak zituzten, partidarik irabazi gabe eta dagoeneko bigarren mailara jautsiak zeuden Goizalde eta Juanma Jardinen kontra. Titi Ostatuak eta Kortarixarrek, azkenik, hirugarren jautsiera postua saihestea zuten jokoan elkarren arteko partidan.
Iruritak ongi bete zuen bere lana eta 7 eta 1 irabazi zion Goizalde Ostatuari. Emaitza horrek irabaztera behartzen zituen Haizegoa eta Aise, txapeldun izan nahi bazuten. Haizegoak gol bakarreko abantailarekin irabaztea aski zuen Irurita gainditzeko, baina partidarik zailena zuen, laugarren postuan zegoen Arraiozen kontra. Halere, azkenean 1-0 irabaztea lortu zuen eta honela Irurita gainditu zuen. Arratsaldeko azken partidan, Aisek bakarrik zuen Haizegoa gainditzeko aukera. Horretarako, bortz goleko aldearekin irabazi behar zion partidurik irabazi gabe zegoen Juanma Jardineri. Horrek, estutu egin zituen, nonbait, Aisekoak eta azkenean, Juanma Jardinek ligako bere lehen partida irabazi zuen, 3 eta 1. Gauzak honela, Haizegoa gelditu zen txapeldun, 15 punturekin, 22 gol alde eta 13 kontra zituela. Puntu kopuru berdindekin, aldeko gol kopuru berdinarekin eta kontrako gol bat gehiago jasota bigarren Irurita sailkatu zen. Hirugarrena Aise izan da.
postuez gain, jautsierako azken postua erabakitzeko partida aski interesgarria jokatu zuten Titi Ostatuak eta Kortarixarrek. Kortarixarrekoak puntu bat aitzinetik zeuden, baina Titikoek 4 eta 2 irabazi zutenez, sailkapenean bi postu aitzinera egin zuten, Kortarixar eta Arraioz gaindituta. Honela, laugarren izan dira Titikoak, bosgarren Arraioz, eta jautsiera postuetan, seigarren Kortarixar, zazpigarren Juanma Jardin eta zortzigarren Goizalde Ostatua sailkatu dira. Harrigarriena, Juanma Jardinen jautsiera izan da, iaz txapeldun izan zirela kontuan hartuta.
Bigarren mailan Baietz irabazle
Bigarren mailan ez da horrelako emoziorik izanen. Urtarrilaren 8an jokatuko da azken jardunaldia, baina abenduaren 18an Sunbillan, lehendik ere nahiko argi zegoen sailkapena, erabat argitu zen. Faboritoek ez zuten hutsik egin, eta dagoeneko, badakigu lehen mailara igoko diren hiru taldeen izenak: Berako Baietz Peña, Narbarte eta Sasoi Eskabazioak.
Baietz Peñak jokatutako zazpi partidak irabazi ditu eta txapeldun izanen da bigarren mailan. Narbartek Legasako Xanpaleri irabazi zion Bertizaranako derbian eta bigarren postuan dago 16 punturekin. Sasoik Ordoki Likoreak taldeari irabazi eta hirugarren postua segurtatu zuen, 14 punturekin. Legasako Xanpale laugarren dago 10 punturekin, beraz, azken jardunaldia irabazita ere, ez du postua hobetzeko aukerarik.