Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak zazpigarren aldiz antolatutako ipuin eta bertso-paper lehiaketaren sari banaketa egin zen abenduaren 21ean Doneztebeko eskolan. 17:00etatik aitzinera besta ttikia egin zuten, partehartzaile guziei oparitxoa eman zitzaien eta ondoren zokoltea eta bizkotxoak dastatzeko aukera izan zuten.
Lehen Hezkuntzako neska-mutikoei zuzendutako lehiaketa da eta guzira 84 lan aurkeztu dira, 56 ipuin eta 28 bertso-paper. Partehartzaileak bi kategoriatan banatzen dira, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak alde batetik eta 5. eta 6. mailakoak bertzetik.
Sariei dagokienez, ipuin lehiaketan, 8 eta 10 urte bitarteko neska-mutikoen artean, Narbarteko Ion Arratxearen «Mikel belarri handi» ipuinarentzat izan zen lehen saria eta Doneztebeko Fermin Estangaren «Katua eta sagua» idazlanarentzat bigarrena.
10 eta 12 urte bitarteko kategorian, Narbarteko Aide Txokarro Ezkurraren «Mendian galduta» ipuinak eskuratu zuen lehen saria eta Eratsungo Irantzu Mitxelenaren «Olentzeroren opariak» ipuinak bigarrena.
Bertso-paper lehiaketari dagokionez, sari gehienak Iturenen gelditu ziren. 8 eta 10 urtekoen artean, Iturengo Izaro Ariztegik lortu zuen lehen saria «Elizara joaten naizenean» bertso-sortarengatik. Bigarren saria, Iturengo Aitz Aioroak eraman zuen, «Bestak» izenburua zuten bertsoengatik. 10 eta 12 urte bitarteko mailan, lehen saria Iturengo Garbiñe Olazar Bazterrikak eskuratu zuen eta bigarren saria Donamariako Amaia Indak. Biek Eguberriak aukeratu zituzten gaitzat.