Nafarroako mendialdeko Turismo Kalitate Planaren barnean dauden bederatzi komertziok beraien zerbitzuaren kalitatea eta praktika egokia sarituz diplomak jaso zituzten abenduaren 16an Iruñean. Ekitaldian, Juan Ramon Corpas Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilaria eta Jose Javier Esparza Cederna-Garalur elkarteko presidentea izan ziren, merkatari eta Cedernako teknikariekin batera.
Nafarroako Mendialdeko Kalitate Plana Nafarroako Gobernuak mendialdeko udal erakundeen laguntzarekin egiten duen proiektua da, eskualdea turismoarentzat erakargarriagoa egin asmotan. Komertzio eta enpresa ttiki batzuk, 29 mendialdean, praktika edo ohitura egokietara moldatzen dira. Horietatik bederatzik jaso zuten diploma. Tartean, eskualdeko zazpi denda zeuden: Elizondoko Argibel Optika, Elizondoko Ipingi arropadenda, Doneztebeko Casa Ostiz liburudenda eta papertegia, Doneztebeko Ibarrola mertzeria, Doneztebe eta Elizondoko Mari Cruz lentzeriak eta Doneztebeko Alustiza lurrindenda.
Ez ziren horiek gure eskualdeko dendek abenduan hartu zituzten sari bakarrak. Abenduaren 14an, Nafarroako Komertzio Federazioak Komertzioaren kalitateari buruzko lehen jardunaldia egin zuen Iruñeko Baluarten. Bertan, Komertzio Ttikian Zerbitzuaren Kalitatea ziurtatzen duen UNE-17500-1 Araua banatu zitzaien lehen aldiz Nafarroako 62 komertziori. Tartean, eskualdeko hiru komertziok jaso zuten ziurtagiri hori. Berako Bortziriak etxetresna denda eta Doneztebeko Casa Ostiz eta Mari Cruz lentzeria.
Doneztebeko bi denda hauek, beraz, bi sariak hartu zituzten urtea ongi akitzeko.