Mckinley edo Denali eskimalen edo inuit-en hizkuntzan (Garaiena edo Handiena erran nahi du), mendi berexi, gogor eta exijentea da. Baina gauza guzien gainetik polita. 6194 metro dituen gailurra da, Ipar Amerikako altuena. Beraz, mendizaleen gustokoa.
Patxi Zamoranok eta Zarbo Ibarrolak mendizale aunitzen ametsa bete zuten joan den udaberrian: Alaskako McKinley mendia, Ipar Amerikako gailurrik altuena igotzea. Bi doneztebarrekin batera, esperientzia handiko mendizaleak zeuden espedizioan: Mari Abrego zen espedizio burua, lehendik ere izana baitzen mendian. Berak eta Jose Mari Casimirok esperientzia ematen zioten taldeari; Javier, Asier eta Fernando abilak, indartsuak, teknikoak eta gazteak dira eta azkenik Fito, Patxi eta Zarbok, bertze gainerakoak bezala badakite zer den 7.000 metro inguruan egotea. Izan ere, Ibarrola eta Zamoranorentzat, prozesu logiko baten hurrengo urratsa izan da McKinley. Zarbok dioen bezala, «inguru honetan hasi ginen, gero Pirinioetara, Alpeetara, Andesera Aconcagua egitera joan ginen duela 14 urte, Kilimanjaron izan ginen eta azkena Mckinley izan da. Progresio nahiko logikoa izan da». Lehenik, harat ailegatzeko bidai luzea egin behar izan zuten: «Iruñetik Madrilera, Madriletik Amsterdamera, handik Seattlera, Ipar Amerikako mendebaldeko kostara; Seattletik Anchoragera, Alaskako hiri nagusira. Han egun batez erosketak egin eta handik, bi ordu terdiz furgonetaz Talketnara. Rangerraren galdeketa pasatu eta handik oinarrizko kanpamendura abionetaz, glaziar batean lur hartzen da eta ikusgarria da, polita».
«hogei egunerako ekipoa eta mantenua gainean»
Horrelako mendi batera igotzerakoan konturatzen omen zara gramo bakoitzak duen garrantziaz. Alaskan ez da zama eramateko sherparik. «Zuk eraman behar duzu 45-50 kiloko ekipoa eta mantenua bi asterako. Himalayara eramaten den ekipo berdintsua eraman behar duzu. Kasik oinarrizko kanpotik tontorrera sokarekin zoaz. Janari gutti eraman behar duzu, xuhurreria batean ibili behar duzu beti. Nik musika aditzeko MP3 bat eraman nuen, 25 gramo izanen zituen? eta hantxe gelditu zen, oinarrizko kanpamenduan!» dio Zarbok. Pixkanaka bideari ekin zioten, lehen egunean glaziar baten gainean trineoari tiraka: «Izugarri polita da, sinestezina, Josema Casimirok esaten zuen Alpe eta Himalayaren arteko nahasketa zela». Gero, kanpamenduz kanpamendu, gorputza egokitzen goiti joan ziren. «Beheko glaziarrean zulo aunitz badira eta sokan joan behar duzu. Goitian Pirinioak bezala da, ez da teknikoki zaila, baina erortzen bazara, akabo! Kontuz ibili behar duzu eta eguraldiarekin kaso eman!». Aitzinetik zituzten zalantzak uxatuz, tontorrera ailegatu zirenean, pozez gainezka zeuden espediziokideak, baina ez zuten denbora aunitz eman: «Eguraldia aldatzen hasi zen, ekaitza sartzen eta mugitu egin ginen. Gauza haundirik ez zen ikusten, barreneko poza gehien bat. Argazki batzuk atera eta beheiti!».
MCKINLEY: IPAR AMERIKAKO GAILURRIK ALTUENA ALASKAN
Bere igoeraz gain duen klimagatik ere ezaguna da McKinley mendia. Alaskako meseta zentralean kokatua dago eta Bering-eko itsasoko eta Alaskako golkoko ekaitzak jasotzen ditu. Ikaragarri hotza da. Udan adibidez, termometroa zero azpitik 25 gradutan egoten da eta zero azpitik 40 gradutara ailegatzen ahal da. Jasaten dituen ekaitz gogorrak ere ezagunak dira. Beraz mendi gogor baten aitzinean gaude. Zarbo Ibarrolaren ustez, garrantzitsuena eguraldia da: «Mendia teknikoki ez da zaila, hori bai oso oso hotza. Mendi altu guzietan bezala, eguraldia garrantzitsua da». Baina dena ez da iluna eta baditu bertze zenbait abantaila, batez ere argia. Alaskan ez dago gaurik eta eguzkiak intentsitatea galtzen du baina ez da sekula ere iluntzen. Hemen, Euskal Herrian egun lainotsu batean egoten den argia izaten da. Igoera gorabehera handirik gabe egin bazuten ere, jausterakoan beldurra pasatu zutela aitortu digu Zarbok: «Tontorrera ailegatuta pentsatu nuen hura egina zegoela, lasai gelditu nintzen. Baina jausterakoan 34-35 graduko maldan, trineoa aitzinean lotua daramazu eta alde batetik bertzera tiratzen dizu, arriskutsua da eta hor tentsio-une batzuk izan genituen».