«Bakoitzak bere moduan bizi, sufritu eta gainditzen du dolumina»

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 28a

• Duela bi urte istripuan mutil laguna galdu zuen Mirentxu Goienetxe amaiurtarrak. Orain sei hilabete, Iruñeko Goiz Argi taldean biltzen hasi zen, dolumina bizi dutenak elkar laguntzeko taldean.
• Dizdira elkarteko Ainhoa Arburuarekin batera, gisa honetako talderen bat Baztan-Bidasoaldean sortzeko asmoa dute. Interesatuek 948 451443 telefonora deitu behar dute.
• Taldea sortzen ez bada bakarka ere laguntza emateko prest agertu dira.

Zer da dolumina eta zer fase ditu?

Maite dugun pertsona bat hiltzean gertatzen zaiguna, sentitzen duguna… hori da dolumina gehienentzat. Baina ez da hori bakarrik, badira bertze egoera batzuk ere: separazioan, ez da pertsona hil, baina bada haustura bat. Norbait galdu eta bizitzan aldaketa haundiak gertatzen direnean ematen da dolumina. Arras gai pertsonala da eta bakoitzak bere moduan bizitu, sufritu eta gainditzen du Lehenbiziko fasean gertatu zaizuna ez dela erreala uste duzu, ez duzu onartzen. Fase laburra da, baina aunitzetan gertatzen dena. Gero, amorru sentimendua dator, ‘Zergatik niri eta ez bertze bati’ pentsatzen duzu, norbera errudun sentitzen da eta bertzeen kontrako amorrua ere sentitzen du, medikuen kontra, sinisten badu Jainkoaren kontra… Fase hau ere hagitz llaburra da, baina intentsoa. Horren ondotik, gehien ezagutzen dugun fasea dator, depresioa. Lehenbiziko sentimentu horiek apaltzen joaten dira eta nekea eta tristura sentitzen dugu, ezin jan, ezin lo egin… Azkeneko fasea gertatutakoa onartzea eta gainditzea da, pertsona hori gehiago ez dela bueltatuko eta gure bizitza berriz antolatzea.

Gai honen inguruan, eskualdean laguntza talderen bat sortzeko asmoa duzue?

Horrelako egoerak gainditzeko bakoitzak bere baliabideak ditu. Batzuk aurre egiten diote egoerari, bertze batzuk gorde egiten dira. Inguruan lagunak ditugu, senideak, eliza… bakoitzak bere errekurtsoak ditu eta erabili egin behar dira. Talde bat sortuz gero, bertze baliabide bat izanen litzateke, egoera berean dauden pertsonekin solastuz arintzen baikara. Dueloa bizitzen duzunean, zure inguruko jendeak bere bizitza segitzen du, baina zu hor gelditzen zara, momentu txar batean eta ez dakizu nondik gan. Horrelako talde batek lasaitasuna ematen dizu, ulertzen zaituen horrenbertze jende baitago.

Izan ere, dolumina gainditzen ez bada, arazoak ere sor daitezke?

Dolu normala eta patologikoaren artean bereizi behar da. Bakoitzak bere denbora behar du, baina hiru urte inguru pasatu eta ez bada depresioa pixkanaka gainditzen, ohatzean ezin jeikiz bagaude, hor bada arazo bat.

Zer izaten da elkar laguntzeko talde honetan egiten duzuena?

Astean behin biltzen gara. Dolumin hori gainditzeko helburua daukagu hor biltzen garenak, eta solastu eta entzuten dugu, errespetu guziarekin. Bakoitza gure zamarekin joaten gara, solastu, aditu eta zama hori arras arinduta ateratzen zara.

Horrelako talde batera hurbildu eta norbere barrena hustutzea ez da erraza izanen…
Bakoitzak behar duen denbora hartzen du: batzuk hiru saiotara joan eta ez dute solasik egiten eta laugarrenean bapatean hitzegiten hasi eta botatzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun