Asteburu honetan abiatu den Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketan ez da eskualdeko ordezkaririk izanen. Izan ere, azken urteetan txapelen borrokan izan den Lesakako Beti Gazte taldeak ez aurkeztea erabaki du. Azken urteetan, Abadiñok erabiltzen zituen oinetako eta materialekin kexu agertu dira behin eta berriz lesakarrak eta epaileek eta federazioak ez dute erantzunik eman. Bertze aldetik, nazioartean ezin dute lehiatu eta horrek motibazioa kendu die Lesakako tiralariei. Nazioarteko Federazioak Espainiaren izenean lehiatzera behartu nahi zituen euskal taldeak eta Euskadiko Federazioak ez zuen hori onartu.
Kontuak kontu, 1990. hamarkadan goma gaineko sokatirak eskualdean izan zuen indarra apaltzen joan da eta talderik gabe gelditu gara. Aresok lur gainean segitzen du, baina sokatirak etorkizun beltza dauka gurean.