Finalak jokatuz akitu zuten urtea Txarutako pilotariek

ttipi-ttapa 2006ko uztailaren 27a

Txaruta pilota taldeko pilotariek hainbat herrietako txapelketetako finalak jokatu dituzte. Iruritako Xabi Arraztoak eta Lesakako Mololo Irigoienek Zaldibarko txapelketa irabazi zuten nagusien mailan.

Endika Urrutia saldiastarrak Araxesko lau terdikoa irabazi zuen

Txaruta elkarteko pilotariek final ezberdinak jokatuz bukatu zuten joan den urtea. Araxesko lau terdiko txapelketan, kadete mailan, Endika Urrutia saldiastarrak finalean 22 eta 11 irabazi zion Beteluko Goikoetxeari. Auñamendiko txapelketan berriz, umeen mailan, Arkaitz Untxalo ittundarrak errex galdu zuen Burlatako Agirreren aurka 3 eta 16. Haurren mailan ere herri bereko Oier Bereauk 9 eta 18 galdu zuen Zizurreko Lukinen aurka. Burlatako txapelketan Arkaitz Untxalok berriro jokatu zuen Agirre burlatarraren kontra baina oraingoan binaka, herrikidea duen Ugaitz Elizalderekin. Agirre berriz Espinalekin aritu zen. Partidua orekatuagoa izan bazen ere, ittundarrek berriz ere galdu zuten 14 eta 18.

Nafarroako Kirol Jokoetan berriz Txaruta elkartekoek ez zuten suerte handirik izan, Euskadiko txapelketan aritzeko baimena bakarrik Urdazubiko Jon Ollok eta Xabier Madariaga urroztarrak lortu baitzuten. Halere, urtea garaipen batekin bukatu zuten. Zaldibarko txapelketan, nagusien mailan Iruritako Xabi Arraztoak finala irabazi zuen Lesakako Mololo Irigoienekin batera 22 eta 15, Beitia eta Bengoetxearen aurka. Lesakarrak partidu ezin hobea jokatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun