Luberriako urtegiko lanek 7,5 miliun euro gostako dute eta 18 hilabete iraun dezakete

Franck DOLOSOR 2006ko uztailaren 27a

Aurten ere Bernard Auroy Uztaritzeko kantonamenduko kontseilari nagusia agertu zen herriko hautetsiek urtarrilaren 6an egin zuten urte berriko agiantzen ekitaldian. Utzitako argazkiak

Herriko elkarteetako arduradunak bildu dira auzapezaren agiantzen karietarat

Heldu den agorrilan, 23 urte beteko dira uholde handiak gertatu zirela Senperealdean. Uholdeak saihesteko urtegi bat eraikitzea aipu da aspalditik baina proiektu hunek traba ainitz du eta beraz beranta haundia hartu du.

1983ko agorrilaren 26an, Urdazuri ibaieko urak atera ziren eta kalte haundiak sortu zituzten. Bortz lagunek bizia galdu zuten eta kalteak zazpi miliun euro ingurukoak izan omen ziren. Halako desmasia berri bat saihesteko, 1991ean Urdazurialdeko lau herrik (Senpere, Azkaine, Donibane Lohizune eta Ziburu) urtegi bat altxatzea deliberatu zuten Luberrian, Dantxarineako bidean. 15 urte berantago lanak ez dira hasi. Prefetak lanak baimendu ditu eta obra hori interes publikokoa dela onartzen duen agiria sinatu du. Dena den, ingurumenaren aldeko bi elkartek proiektu hunen kontrako errekurtsoak presentatu dituzte eta lur zati baten jabeak ez du bere ondasuna saldu nahi. Iduriz, hautetsiek espropiazio agindu bat ukan dezakete baina bertze problema bat ere konpondu beharko dute. Europa mailan babestuak diren kakarraldoak daude Luberrian. Mamu hauek tokiz aldatu beharko dira lanak hasteko. Berriki, Donibane Lohizune, Azkaine eta Senpereko auzapezak herriko etxean bildu dira. Urtegiko lanak 2007ko hastapenean hastea espero dutela jakarazi dute. Urtegia 7,5 miliun euro gostako da. %30 kontseilu nagusiak pagatuko du, Estatuak eta Akitaniak %25 hartuko dute bakoitzak beren gain eta gainerakoa herriko etxeek ordainduko dute. Banaketa hau aspaldi egin zuten hautetsiek eta orain ez dago argi zer gertatuko den Luberriko proiektuaren finantzekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun