Larunbat honetan, urtarrilak 21, Bortzirietako eskuz banakako V. Pilota txapelketako finalak jokatuko dira herriko frontoian. Goizeko 9,30etan hasita eguerdira bitartean, 10 partidu ikusi ahal izanen dira.
Guztira bortz kategoriatako pilotariak arituko dira elkarren kontra lehian. Ez da lehenbiziko aldia Etxalarrek gisa honetako final bat hartzen duela. Duela bi urte binakako txapelketako finalak jokatu ziren.
Hala ere, aurtengo partiduek badute berezitasun bat: herriko pilotariak hor arituko direla. Lerro hauek idazterakoan oraindik ez ziren final erdiak jokatuak baina Joxe Mari Maia Altxata Pilota Elkarteko arduradunak erran digunez «makur haundirik ez bada bi etxalartar ailegatuko dira finalera.
Orain arte hagitz txapelketa ona egin dute eta ongi bidean, igandeko finalean ikusiko ditugu». Ea suertea duten eta txapelen bat herrian gelditzen den.