Beti Gazteko sokatira taldea desagertzear

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 27a

2004an Glasgown jokatu zen Munduko klub arteko txapelketan urrezko eta zilarrezko dominak eskuratu zituen Beti Gazteko sokatira taldeak. Gauzak aunitz aldatzen ez badira, maila horretan lortzen diren

Ez du Euskadiko goma gaineko txapelketan parte hartuko

Nafarroan, Euskadin eta Munduan hainbat txapel eta domina eskuratu dituen Beti Gazteko sokatira taldea desagertzera doaie. Momentuz, asteburu honetan hasi den Euskadiko goma gaineko txapelketan ez du parte hartuko, baina gauzak aunitz aldatzen ez badira, ez ditugu berriz ere tiratzen ikusiko.

Arrazoiak aunitz izan daitezke. Nagusiena, Munduko txapelketan parte hartu ezina. Hainbat eta hainbat ordutako entrenamenduetako motibazio iturri handiena nazioartean lehiatzea zen. Baina Nazioarteko Federazioak, TWIFek, Espainiaren izenean aritzera behartu nahi zituen euskal taldeak eta hori ez zuen onartu Euskal Herriko Federazioak.

Beraz, Munduko txapelketan parte hartu ezinik, Nafarroako eta Euskadikoa gelditzen zaizkio Beti Gazteri. Nafarroan, Aresoko taldea lur gainean hasi zenetik, ez du areriorik. Horrek ere motibazioa kendu die lesakarrei eta iaz, erraterako, ez zuten parte hartu.

Euskadiko txapelketan, berriz, azkeneko bi urtetan haserre akautu zuten Beti Gaztekoek. Abadiñok erabiltzen zituen oinetakoak eta materialak ez ziren legezkoak beraien ustez eta baldintza berdinetan lehiatzea eskatu zuten behin eta berriz.

Joan den urte bukaeran jokatu zen lauko txapelketan arazo berbera errepikatu zen eta ez epaileek ezta Federazioak ere, ez zuten soluziobiderik eman. Arrazoi hauek guziak elkartuta, entrenatzeko eta lehiatzeko gogorik gabe gelditu dira. Kontuan hartu behar da taldearen bizkarrezurra osatzen dutenak hamalau urte daramazkitela sokan, 30 urtetik goitikoak dira gehienak, beraien emazte eta seme-alabekin. Erran beharrik ez da sokatiratik ez dutela sosik ikusten eta beraien lanak akaututa entrenatzen dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun