Eskualdean gero eta denda guttiago daudela jakina da. Baita eskualdeko jendeak kanpoan gero eta gehiago erosten duela. Leitza-Baztan-Bortziriak eremuko datuei begiratuz, 2003an 16,8 milioi euro gastatu ziren eskualdetik kanpo; hau da, eskualdeari zenbatu zitzaion gastu osoaren %37a. Horrela ageri zen Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbararen enkarguz CIESek egindako ikerketan. Kapital-ihesarik handiena Leitzan gertatu zen, leitzarrek egindako 9,6 milioi euroko gastuaren erdia herritik kanpo egin baitzuten. Baztandarrek hirutik bat herritik kanpo gastatu zuten, 13,8 milioi euroko gastutik 4,6 milioi. Bortzirietan, azkenik, 21,9 milioi euroko gastua zenbatu zen 2003an, eta kopuru horretatik 7 milioi euro (%32) kanpoan gastatu zen, Gipuzkoako auzo-herrietan nagusiki.
Joera horri buelta emateko asmoz dabiltza eskualdeko komertzianteak, dendarik gabeko herriak herri hilak direlakoan. Javier Leizaren ustez, horren adibide garbia Baiona da: «Duela 15-20 urte izugarrizko bizia zuen. Orain dena herritik kanpora ateri da, zentro komertzial aunitz egin dituzte kanpoaldean eta orain hiriburua hila dago. Horregatik, diru pila bat gastatzen ari dira komertzioa berriz ere herrigunera erakartzeko. Hortxe hurbil dugu adibidea eta horretatik ikasi egin behar dugu, hemen gauza bera gerta ez dadin».