Bertizko Partzuergo Turistikoaren barnean dagoen Merkatarien Elkarteak interes berezia du eskualdeko komertzioen bezeroek zein premia eta ikuspuntu duten jakiteko.
Horretarako Marketing ikastaroa egin zuten Bertizen. Ikastaroaren lehen egunean, Baztan-Bidasoako komertzioen arazo nagusietako bat zehaztu zuten: bezeroek bertze lekuetara ihes egiten dute erosketak egitera, batzuetan kilometro aunitz eginez, eskualdeko dendetan egin beharrean.
Hau ikusita, inguruaren azterketa sakona egiteko eta eskualdeko arazoen berri jakiteko Marketing plan sakonagoa egitea erabaki zuten. Honela, merkatariek dituzten mehatxuen eta aitzinera egiteko aukeren berri jakin dute.
Lan honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, bertako bizilagunei eskualdeko komertzioa erakargarria egiteko modua bilatzea eta bertzetik, Iruña, Bilbo, Donostia edo Lapurdiko bertze merkataritza guneetako bezeroak erakartzea. Izan ere, hauek ere balizko bezeroak dira, baina gaurko egunean, inguru turistikoa izan arren, ez dute Baztan-Bidasoaldeko komertzioan inolako atraktiborik somatzen. Iazko iraila eta urrian 123 inkesta egin ziren, Elizondo, Doneztebe, Bera, Lesaka, Irurita, Erratzu, Arizkun, Arraioz eta Elbeten. Elkarrizketa gehienak aurrez aurre egin ziren eta Beran, Udalaren 012 telefonoaren bitartez. Inkesta gehienak Beran eta Elizondon egin ziren (%34 eta %32), Lesakan %19, Donezteben %5 eta gainerako herrietan %11. Erosle gehienak horrela izanik, galdetutakoen lautik hiru emakumeak izan ziren.
Ondorio nagusiei dagokienez, erraten ahal da galdetutako bezero gehienek erosketa gehienak eskualdeko dendetan egiten dituztela. Harategia, argazkigintza eta optika, prentsa, liburuak eta estankoko gaiak dira herrian bertan gehien erosten direnak. Herritik kanpo moda eta osagarriak, oinetakoak eta kirol materiala erosten da gehien bat eta gehienek Iruña eta Donostia aldera jotzen dute. Herritik kanpo erosteko arrazoi nagusia komertzio aukera gehiago topatzea da bezeroentzat. Halere, herriko komertzioak ere bezeroen gustoko dira eta erdiak baino guttiagok, %42k, uste du bertze lekuetan baino garestiagoak direla. Bertako dendariek eskaintzen duten arreta bertze lekuetakoa baino hobea dela eta hurbileko dendatan erostea errazagoa dela uste dute bezero gehienek. Gure herrietako komertzioak modernizatuak daudela uste baldin badute ere, lau bezeroetatik batek normalki arazoak izaten ditu txartelarekin ordaintzeko orduan. Merkatari Elkarteak kezkaz hartu du datu hau, «gaurko egunean komertzio guziek onartu behar baikenuke txartelak». Inkestan ageri denez, herrietan autoak aparkatzeko lekua falta da, bezeroen %65arentzat hau arazoa baita.
Udal eta Partzuergotik laguntza gutti
Merkatarien ustez, udalek eta Bertiz Partzuergo Turistikotik laguntza gutti ematen zaie komertzioei. Alde horretatik, Partzuergoaren barnean zegoen Bertizko Merkatari Elkarteko zuzendaritza batzordeak oso-osorik kargua utzi zuen joan den urte akabailan eta ez da berrituko. Javier Leiza batzorde kide ohiak aipatu digunez, «turismoa bultzatzen da, baina guri turismoak gutti ematen digu. Gehienez janaridenda edo okindegiek somatzen dute, baina horientzat ere salmentaren %3a bertzerik ez da. Beraz, gure bidea hartu eta elkarte propioak egiteko asmoak badaude han eta hemen».