Karrika Nagusiko zutabeekin gorabehera larriak izan dira

ttipi-ttapa 2006ko uztailaren 27a

Karrika Nagusian espaloia eta galtzada bereziz jarri diren zutabeek zer erran handia sortu dute egun hauetan. Komertzianteak arras kexu daude eta soluzioak bilatzeko bilera egitea eskatu diote Udalari

Jarri eta biharamonean ipurditik ateriak agertu ziren batzuk

Udalak zutabe ttiki batzuk jarri zituen urtarrilaren 18an Karrika Nagusiko bide bazterretan, bertan ibilgailuak ez aparkatzeko.

Karrikaren estuasuna dela eta, ibilgailuren bat aparkatua utziz gero zailtasunak izaten zituzten bertzeek karrika horretatik pasatzeko. Zutabeak paratutako egunean ikuspegi ez ohikoa agertzen zuen karrika horrek, ez baitzen autorik ikusten espaloi gainean. Baina ohiturak aldatzea zaila izaten da.

Kontuan hartu behar da karrika horretan hainbat denda eta komertzio daudela eta aunitzek, erosketak egiterakoan, dendaren ateraino kotxea hurbiltzeko ohitura izaten dute.

Udalaren erabakiak aldeko eta kontrako iritziak hartu ditu. Horren erakusgarri, biharamonean zutabe horietako batzuk ipurditik ateriak agertu zirela eta Udalak, ibilgailuentzat karrika itxi zuen moldaketa lanak egin eta zutabeak berriz jarri ahal izateko.

Merkatariak haserre agertu ziren Udaletxean urtarrilaren 24an eta soluzioak eskatu zituzten. Alkateak karrikaratu duen bando batean ageri denez, herriguneko zirkulazioaren antolaketarekin komertzioetara sarbide errazagoa eta azkarragoa lortu nahi da. Horretarako, merkatariei beraien auto partikularrak karriketatik kentzea eskatu du eta aldi baterako aparkalekua eskaintzen du Santa Luzia Plazan, Parrokia karrikan eta autobusen errotonda ondoko aparkalekuan. Autoendako galtzada eta oinezkoendako espaloia libratu nahi dira eta karga eta deskargarako eremuak ere egokituko direla jakinarazi du alkateak. Animoak bero daude eta komertzianteekin biltzekoa da Udala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun