Mendaur Plana: Aspaldian eskatutako lana

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 27a

Utzitako argazkiak

Urtarrilaren 18an lanak bisitatu zituzten Iruñeko eta udaletako ordezkariek.

Gezurra baldin badirudi ere, Euskal Herriko leku hezeenetako batean ur-hornidura arazoak izaten ziren orain arte. Baina gaur egungo ur-sarea eta depositoak zaharrak dira eta urteak dira Malerrekako herri hauek soluzioa eskatzen zutela. Iturengo alkateak jakinarazi digunez, «Ur arazorik handienak Donezteben eta gero Iturenen izaten ziren, Zubietan eta Elgorriagan arazorik ez zuten izaten. Gu nahiko juxtuan ibiltzen gara. Udan jende pila bat etortzen da, piszina pila bat badira, hustu-kargatu, hustu-kargatu dabiltzanak… Joan den udan, adibidez, egunero-egunero arratseko 11etan ura itxi eta goizeko 6etan berriz irekitzen genuen. Bertze arazo bat bada, Iturenen kontadorerik ez dela eta orduan ura ausarki ibiltzen da.».

Lehenbiziko ikerketak 1988. urtean egin ziren eta hasierako proiektua 1996koa da. Mendaur Plana, Hirurteko Planen barrenean Nafarroan egin gabe zegoen azpiegitura lanik zaharrena zen. Lanek zailtasun handiak dituzte eta hasieran onartutako aurrekontua ez zen erakargarria enpresentzat. Zubietan ere arazoak sortu ziren, Udalean ez baitzuten proiektuaren berririk eta dagoeneko ur-hartze eta eramate lan batzuk hasiak zirelako.

Azkenean, proiektuak berriz aztertu eta aurrekontua handitu zen, 1.900.000 euroak arte. Ur hartzea Zubietako Txitxillo eta San Anton erreketatik, Aurtizko errekatik eta, ur-hornidura segurtatzeko beharrezkoa denean bakarrik, Ezkurra errekatik eginen da hemendik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun