Ituren, Elgorriaga, Doneztebe, Sunbilla eta Zubietako 5.000 bizilagun urez hornituko dituen Aurtizko araztegiaren lanak bide onetik doaz eta ekainerako akituak izanen direla uste da. Martxoan proba gisara hasiko da lanean, funtzionamendu egokia ote duen ikusteko.
Orain arte, ura hainbat iturrietatik hartzen zen Malerrekako herri hauetan: Iturenen Bortzadar, Xelat, Lertxundi, Berrurta eta Iturriatik; Elgorriagan Malkorratik; Donezteben Errotazarretik, Sunbillan Bidasoa errekatik hartzen zen eta Zubietan Txitxillotik.
Baina, urte idorrak zirenean, herri batzuetara ez zen urik ailegatzen udan eta ur-mozketak egin behar izaten zituzten.
Aurtizko araztegia egitean eta Mendaur Plana erabat akitzean arazo hau moldatuko da eta herri hauetako bizilagunei kalitate oneko uraren hornidura segurtatuko zaie.
Urtarrilaren 18an, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko kontseilariak, Alberto Catalanek Aurtizko araztegiaren lanak bisitatu zituen. Berak aipatu zuenez, «lan hauek akitzerakoan, hamar urteko lana ere akituko da eta hornidura zikloa osatuko da, ura hartu, biltegira eraman, potabilizadoran tratatu eta banatuko baita». Kontseilaria laguntzen, bere departamentuko bertze kideekin batera Jose Maria Gorosterrazu Iturengo alkatea, Jose Miguel Galarregi Elgorriagako alkatea, Jose Irigoien Doneztebeko alkatea, Leire Ortuoste Zubietako alkatea eta Jose Maria Hernandorena Sunbillako alkatea izan ziren, baita Mikel Petrirena Malerrekako Mankomunitateko presidentea ere. Izan ere, Mankomunitateak bere gain hartuko du araztegiaren esplotazio eta mantenimendu lanak. Horretarako, erakunde berri bat sortuko da Mankomunitatearen baitan, Joxe Mari Gorosterrazu Iturengo alkateak aipatu digunez: «Obra egiten duzu, baina martxan jartzearekin baditu bere gastuak. Bortz herriok mankomunitate bat antolatu edo Malerrekako Mankomunitatearen baitan bertze erakunde bat osatzea eztabaidatu genuen. Berria osatzeak langile eta gastu gehiago eskatzen zituen eta garesti ateratzen zen. Orduan, Mankomunitatean barnean bertze erakundea egin dugu».
Andres Sola, NILSAko zuzendariak proiektua nola gauzatu den zehaztu zuen: «lehenbiziko fasean, sare orokorra egin zen eta erritmo onean gauzatzen ari den bigarren honetan, ura tratatzeko eta banatzeko behar den azpiegitura eraiki da. Araztegira segunduko 13 ur-litro ailegatuko direla aurrikusi da eta bada handitzeko aukera ere, herrietako ur kontsumoak hala eskatuko balu».
Bigarren fase honen ondotik, hirugarren fase bat geldituko litzateke egiteko, Sunbillara ura eraman ahal izateko. Fase hau oraindik estudioan dago eta proiektua egiteko dago. «Nafarroako Gobernuak hurrengo planean sartuko duela uste dugu, –erran digu Jose Mari Gorosterrazuk– baina oraindik airean dago». Hirugarren fase hau osatuta, 5.000 bizilagunen ur-hornidura segurtatuko da.
Tratatu gabeko uraren biltegia, araztegia eta
Ura garbitu eta tratatuko dituen araztegiaz gain, bi biltegi ere eginen dira: 600 metro kubikoko ahalmena izanen duenean, ttikienean, ura bere horretan bilduko da eta araztegitik pasatu ondotik, 1.200 metro kubiko kabitzen diren tratatutako uraren biltegira pasatuko da. Hortik, herrietara doazen saretik banatuko da eta herriek beraiek dituzten biltegiekin osatuko da.
Lanen kostea 1,9 milioi eurokoa izanen da eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio departamentuak ordainduko du, toki azpiegitura planen barrenean. Mariezkurrena eraikuntza enpresa ari da lanean eta bisita egiterakoan, lanen %56a egina zegoen.