Euskal Herriko Pilota Konfederazioa aurten sortu da eta bere lehen urtean, Venezuelan antolatu den Munduko txapelketa ez ofizialean parte hartu du. Tartean, eskualdeko zenbait pilotari joan ziren, paletan aritzera.
Honela, paleta goman lau neska joan ziren Euskal Herritik: Iera Agirre leitzarrak eta Auritzeko Maiderrek osatzen zuten bikote bat eta Hernaniko Garbiñek eta Donostiako Mirenek bertzea. Finala elkarren kontra jokatzea suertatu zen eta Nafarroako bikotea suertatu zen txapeldun, 30-19. Beraz, Iera Agirre leitzarra txapeldun izan zen.
Gizonezkoen senior mailako paleta goma txapelketan ere Euskal Herritik joandako bikotea izan zen irabazle. Mezkirizko Martintxo Ibarrak eta Angeluko Eñaut Alfarok 30-25 irabazi zieten Venezuelako bikoteari.
Beteranoen paleta goma txapelketako finalean eskualdeko bi pilotari izan ziren, Elizondoko Juanjo Atxa eta Berako Luis Mari Retegi. 24-30 galdu zuten Venezuelako bikotearen kontra.
Larruzko pilotarekin paleta txapelketan, Martintxo Ibarrak eta Luis Mari Retegik osatu zuten bikotea eta 12-35 galdu zuten Kuba eta Venezuelako pilotariekin osatutako bikotearen kontra. Palista kubatarrak erritmo eta abiadura bizia eman zion pilotari eta Euskal Herriko bikoteak ezin izan zuen deus egin.